Udalak eta erakundeak
Nafarroako Iparraldeko eskualde honek 8.537 biztanle biltzen ditu (2023-01-01eko datua). Eskualdea, eta mankomunitatea bera, bortz udalek osatzen dute: Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako Udalek.
Euskararena ez da Bortzirietako mankomunitate bakarra. Izan ere, hondakinen bilketa eta gizarte gaiak kudeatzeko ere mankomunitate bana sortzea erabaki zuten eskualdeko udalek 90. hamarkadaren hasieran. Horrela eratu ziren Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitatea eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea. Biek ala biek egoitza Etxalarko Herriko Etxean dute.
Eta, horiez gain, Bortzirietako udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) partaide ere badira, Hego Euskal Herriko bertze 89 udalekin batera. Euskara nagusi den lurgunea erabat euskalduntzeaz gain, lurgune euskalduna zabaltzea bultzatu nahi du UEMAk.