Solas-laguna abian da berriz ere!

Zu zeu izan zaitezke laguntzaile!

Solas-laguna egitasmoak bere bigarren ikasturteari hasiera emanen dio laster. Ekainera arte 17 lagun aritu dira mintza praktiketan, eta urritik aitzinera, talde berriak sortzea da euskara mankomunitatearen asmoa.

Mintza praktikekin euskara ikasleei harreman berriak euskaraz egiteko aukera eskaintzen diegu, baita euskara maila hobetzeko ere. Hori da euskaldunok egiten ahal diegun mesederik handiena.


Solas-laguna pin-ak

Euskara mankomunitateak 500 pin banatuko ditu debalde, bi helbururekin, batetik, egitasmoa bera ezagutzera ematea, eta bertzetik, euskaraz egiteko giro aproposa sortzea. Hartara, euskara ikasleek edo zailtasuna dutenek jakinen dute lasai ederrean solasten ahal direla pin-a daramaten pertsonekin. Euskara batzordekideek banatuko dituzte batzuk, eta gainerakoak, Bortzirietako Euskaltegian, eta Berako Kultur Etxean eskuratu ahal izanen dira.

Laguntzaileak

Erran bezala, laguntzaileek mesede handia egiten ahal diete euskara ikasleei, euskaraz modu naturalean solasteko eta lotsak kentzeko.

Solas-lagunak gustuko duten zerbait egiteko elkartzen dira (paseatu, kirola, kartetan aritu, kultur ekitaldiren bat…).

Ezezagun batekin edo batzuekin elkartzeak erreparoa sor dezake hasiera batean. Bi edo hiru lagun elkar hartuta izaten ahal dira laguntzaile.

Mintza praktika egiteko erabakia hartzen duten ikasleak hagitz motibatuta daude.
Hortaz, gonbidatu nahi zaitugu solas-laguna izatera. Emateko aunitz duzu!

Izen ematea eta aurkezpena

Izena emateko epea urriaren 1ean irekiko da. Arratsaldeko 19:00etan aurkezpena eginen dugu Bortzirietako Euskaltegian, eta ondoren berendua izanen da bertaratzen direnentzat. Biharamunean, urriaren 2an, esku-orriak banatuko ditugu Ttipi-ttaparekin batera. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu lasai 948 634 125 telefonora edo idatzi euskara@bortziriak.eus helbidera.