EUSKARA ERABILTZEKO ESKAERA NAFARROAKO GOBERNUARI

Nafarroako UEMAko udalek gutunak bidali dizkiote Nafarroako Gobernuko bi departamenturi, herritarrentzako inprimakiak euskaraz ere egon daitezen. Bi departamentuak Landa Garapen eta Ingurumenekoa eta Kultura eta Turismokoa dira, eta gutuna bidaltzeko arrazoia da sail horien dozenaka inprimaki eta argitalpen euskaraz ez egotea.

Gutunak bidaltzea Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak bultzatu dute, eta herritar euskaldunen aurkako hizkuntza urraketak ezabatzea du helburu.Gutunetan, udalek Euskarari Buruzko Legea hartu dute hizpide. Izan ere, legeak eskualde euskaldunetako herritarrei administrazioekiko harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea aitortzen die, eta hori ezin da uztartu inprimakiak eta argitalpenak gaztelania hutsez egotearekin. Gutunak Nafarroako UEMAko udalerri guztiek bidali dituzte. Hamabi dira, guztira: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Bera, Etxarri-Aranatz, Etxalar, Goizueta, Larraun, Leitza eta Urdiain.

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari bidalitako gutunean, gaztelania hutsezko 30 inprimakitik gora zerrendatu dituzte udalek, eta departamentu horri eskatu diote inprimaki horiek ez ezik herritarrentzako gainerako inprimakiak eta idazkiak ere euskaraz jartzea, herritarrek euskaraz bete ahal izan ditzaten.

Kultura eta Turismo Departamentuari bidalitakoan, berriz, gaztelania hutsezko hamaika argitalpen zerrendatu dituzte, eta horiek euskaratzea eta aurrerantzean herritarren esku jarri beharrekoak euskaraz ere egon daitezen eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

Euskararik gabeko idazki horiek erakusten dute Nafarroako Gobernuak ez duela betetzen Euskararen Legea, eta Nafarroako eremu euskaldunean beste eremuetan bezala jokatzen duela; hau da, nafar euskaldunei oinarri-oinarrizko hizkuntz eskubideei muzin eginez.

Halaber, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta mankomunitatean dauden Nafarroako udalek dei egin diete herritarrei halako kasuen aurrean jarrera aktiboa hartzeko eta salaketak bideratzeko. Horretarako, hainbat bide eskaini dituzte: UEMAra deitzea (943260372) edo Hizkuntza Eskubideen Behatokira deitzea (902194332). Herritarrek eta udalek emandako informazioan oinarrituta, mankomunitateak ez du baztertzen beste departamentu batzuei ere eskaera berdintsuak egin behar izatea.