BEGIRALEENTZAKO IKASTAROAK MARTXAN

Mankomunitateak begirale eta hezitzaileentzako ikastaroak antolatu ditu aurten ere. Ikastaro hauen helburua da aisialdiko jardueretan begirale edo hezitzaile lanetan aritu nahi dutenei hainbat gairen inguruan oinarrizko formakuntza eskaintzea. Ikastaroak hiru saio izanen ditu, bakoitza lau ordukoa. Apirileko hiru larunbatetan izanen da: 2an, 9an eta 16an. Goizeko 9:30ean hasi eta 14:00ak arte iraunen du, tartean ordu erdiko atsedenaldia eginda. Ikastaroa Berako Beralandeta eraikinean izanen da.

Lehenbiziko bi saioetan oinarrizko soziolinguistika kontzeptuak landuko dituzte, hezitzaile eta begiraleek hizkuntzaren normalizazioan duten eginkizuna aztertuko dute, eta euskaraz jolasteko hainbat tresna landuko dituzte. Lehen bi saioak Gipuzkoako Urtxintxa taldeak emanen ditu.

Hirugarren saioan bertze bi kontzeptu landuko dituzte: hezkidetza eta kulturartekotasuna, eta modu praktikoan ikusiko dute horiek nola aplikatu aisialdiko jardueretan. Eta saio hau Bizkaiko Urtxintxa Eskolaren esku izanen da.

Ikastaroetan izen emateko epea martxoaren 21ean irekiko da, eta martxoaren 31ra arte izanen da irekia. Izen emateko interesatuek Bortzirietako Euskara Mankomunitatera deitu behar dute (948634125). Ikastaroari buruzko informazio gehiago ondoko dokumentuan.

icon Ikastaroari Buruzko Informazio Orokorra