Gurasoentzako ikastaroa
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoentzako ikastaroa antolatu du. Ikastaroa urriaren 4, 11 eta 18an (asteartez) izanen da, arratsaldeko 4:30etik 6:30 arte, Berako Mukixu Haur Eskolan.
Izen ematea Bortzirietako Euskara Mankomunitatean egin behar da, 948 634 125 telefonora deituta, edo euskara@bortziriak.eus helbidera idatzita, urriaren 3a baino lehen. Matrikularen prezioa 15 eurokoa da, eta transferentzia bidez ordaindu behar da, dirua bi kontu hauetako batean sartuta: 3035 0135 91 1350013416 / 2054 0190 33 1100000029. Izen ematen duten guztiek izen bereko materiala hartuko dute, doan.
Ikastarora haurrak eramaten ahal dira. Gurasoak ikastaroan dauden bitartean, haurrak bertan egonen dira, begiraleek zainduta. Azkeneko saioan, haurrek ere parte hartuko dute.
Ikastaroan parte hartzeko gurasoek lehentasuna izanen dute. Ikastaro hau aproposa da guraso guztientzat, baina bereziki euskara ikasten ari direnentzat, baita euskara ulertuta ere solasteko zailtasunak dituztenentzat ere. Bertzalde, haurrak zaintzen aritzen diren aitatxi-amatxiek eta zaintzaileek ere parte hartzen ahal dute. Azkenik, hezitzaile eta begiraleek ere egiten ahal dute ikastaroa, baita Haur Hezkuntzako irakasleek ere.
Ikastaroa Urtxintxa Eskolak emanen du. Eskola hori aisialdiko gaietan aditua da, eta gisa honetako ikastaroak ematen esperientzia handia du. Gainera, gai honi buruzko material ugari argitaratu du. Punpalaplan materialaren egilea da Urtxintxa Eskola. Informazio gehiago: www.urtxintxa.org.
Ttipi-ttapa: Punpalaplan gurasoentzako ikastaroa antolatu du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak