BERAKO XIII KAFE ANTZERKI ZIKLOA

BERAKO XIII. KAFE ANTZERKI ZIKLOA

Datorren azaroaren 4an hasiera emanen zaio Berako Kafe Antzerki Zikloaren hamahirugarren edizioari. Aurten hiru emanaldi izanen dira. Lehenbizikoa, azaroaren 4an, ortzirala, 22:00etan, Kataku ostatuan. Txirene taldeak Sarean zintzilikatua antzezlana eskainiko du.

Bigarrena azaroaren 11n izanen da, hori ere ortziralez, 20:00etan, Errekalde ostatuan. Kasu honetan Xagu taldea arituko da, “Agur, Manhattan” antzezlanarekin. Hirugarrena igandearekin izanen da, hain zuzen, azaroaren 20an, Auzoa ostatuan eta 19:00etan.

Zikloa euskara batzordeak antolatzen du, Berako Kultur Batzordearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, eta helburu du euskarazko antzerkia ostatuetara, eta, oro har, jendea biltzen den tokietara, eramatea.

Lehenbiziko emanaldiari dagokionez, Txirene taldea arituko da, “Sarean zintzilikatua” antzezlanarekin. Komedia honetan, teknologia berrien aurrean Olatzek dituen erreakzio desberdinekin egingo dugu topo. Hagitz zaila egiten baitzaio guztiak ulertzea, eta are gehiago, inposatzen zaion abiadura berean. Horregatik kontatzen digu, bere bizimodu apalean zenbat kosta zaion pixkanaka-pixkanaka guztiak barneratzea. Irri eta barre artean, GPSa, WEBCAMa, posta elektronikoa, etab., derrigorrez nola iritsi zaizkion adieraziko digu.

Bigarren emanaldian Xagu Taldeak “Agur, Manhattan!” eskainiko du. Gaur egun estresak jende anitz harrapatzen duenez, antzezlan honetan enpresari, etxekoandre, famatu eta abar ikusiko ditugu larri antzean, psikologoaren kontsultan. Urtetan egindako lan bikainaren ondorioz, Muñagorri doktorearen kontsultak mundu mailako ospea lortu du gaitz horiek sendatzeko. Azken aldian, ordea, doktorearen bizitza dexente aldatu da eta dibortziatu ondoren diru arazo handitan sartu da. Nolanahi ere, bere egoera pertsonal nahasiari buelta emateko aukera bikaina heldu zaio bezero baten bidez. Handik aurrerakoa kontatzerik ez dago, noski, baina bada aurreratu daitekeen zerbait: gauzak nekez ateratzen dira nahi bezala.

Azken emanaldian gaur egungo gazte zenbaiten parodia egiten du Osoronek “Buah, txabal!” deituriko antzezlanean. Garikoitz Kortabitarte, “Beti”, 20 urte bueltako gazte bat da. Goitizena beti lokalean sartuta egotetik datorkio. Bart, salbuespen moduan, herrira atera da parrandara eta tragedia bat gertatu zaio: mugikorra galdu du. Zergatik da, ordea, mugikorra galtzea halako tragedia? Garikoitzek, horren zergatia kontatzen digun bitartean, gazte horrek euskararekin duen harreman gatazkatsua, bere izaera xelebrea eta lokaletako gazteen gaineko topikoen parodia estremo baten lekuko egingo gaitu.