UDALEKU IREKIAK BORTZIRIETAN

Azken urteotan ohi denez, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak udaleku irekiak antolatu ditu, Dindaia Fundazioarekin batera.

Arantza, Bera, Etxalar eta Igantzin udalekuak uztailaren 2an hasiko dira, eta hilabete horretako 27ra arte arituko dira. Lesakako kasuan, sanferminak direla-eta, udalekuak uztailaren 16an hasiko dira, eta abuztuaren 10ean bukatuko. Herri guztien kasuan, udalekuak astelehenetik ortziralera izanen dira, goizeko 10:00etatik 13:00ak arte.

Izen ematea

Izen ematea maiatzaren 21ean, astelehena, hasiko da, eta zabalik egonen da maiatzaren 31ra arte, ortzirala. Izen ematea Bortzirietako Euskara Mankomunitatean egin behar da: 948634125 telefonora deituta (goizez), edo e-postaz, euskara@bortziriak.eus helbidera idatzita.

Matrikulari dagokionez, ume bat apuntatuz gero, 80 € balio du; bi anai-arreba baldin badira, 140 €; hiru anai-arreba izanik, 180 €.

Taldea sortzeko beharrezkoa da herri bakoitzean gutxienez 8 neska-mutikok izen ematea.

Bi eskaintza

Udaleku irekietan adinaren arabera bi eskaintza egiten dira. Batetik, 3-7 urte bitartekoek udalekuetako ohiko ekintzak izanen dituzte. Bertzetik, 8-12 urte bitartekoentzat adin tarte horri egokitutako sormen tailerrak izanen dira, hau da, olinpiadak, musika eta dantza tailerrak, ura eta naturarekin lotutako tailerrak, sukaldaritza, birtziklaia eta esku lanak.

Arrakasta handiko eskaintza

Urteak daramatza mankomunitateak udaleku irekiak antolatzen, eta gaur egun arrakasta handia dutela erran daiteke. Azken urteotan 150 neska-mutikok izen eman dute udalekuetan, eta hainbat begirale aritu dira lanean.

Mankomunitateak udalekuak antolatzeko helburu nagusia da neska-mutikoei udako oporraldietan eta aisialdia bezalako erremu informal batean euskaraz gustuko dituzten ekintzak eskaintzea. Egia da, bertzalde, gaur egun udaleku hauek funtzio sozial bat ere betetzen dutela. Izan ere, etxetik kanpo lan egiten duten gurasoentzat abantaila da horrelako eskaintza bat izatea.