GURE ETXEAK EUSKARAZ, EUSKARA GURE ETXEA

Ekainaren 23an, larunbatarekin, San Juan bezpera egunez, Euskaraz bai eguna ospatu genuen Lesakan. Egitarauari eta bertaratu zen jende andanari begiratzen badiogu, egun borobila izan zen. Lesakako Euskara Batzordeak eskerrak eman nahi dizkizue bertaratu zineten guztiei. Aurtengo Euskaraz bai egunak duela urte batzuk erabilera bultzatzeko eta sentsibilizatzeko abiatu genuen kanpaina bati amaiera eman zion. Izan ere, azken hiruzpalau urteotan, karrikaz karrika ibili gara Lesakako etxeei euren euskarazko izenak paratzen. Horren emaitza gisa, euskara batzordeak argitalpen erabilgarria prestatu du, Gure etxeak euskaraz, euskarak gure etxea, eta orain zabaltzen ari gara.

Aurrerantzean egiten diren etxe berriei zein oraindik paratu gabe dutenei euskarazko izena paratzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Eta horretarako aholkua behar baduzue, euskara batzordea prest duzue laguntzeko.