Lesaka UEMAn sartzekotan da, eta arrazoi hori dela medio, komunikazio kanpaina abian du udalak, euskara batzordearekin elkarlanean. Irailaren 24an aurkezpen bilerak egin genituen herriko etxean, bata udal ordezkariekin, eta bertzea udal langileekin. UEMAko kide izatearen esanahia, horrek eskatzen dituen konpromisoak, eta euskarari eta herritarrei ekarriko dizkien onurak azaldu zituzten UEMAko ordezkari tekniko zein politikoek. Lehenagotik, Bortzirietako euskara teknikariak Lesakako udalean 2011n euskararen erabilerari buruz egin zen neurketaren emaitzak aurkeztu zituen. Ikerketa horretatik ondorioztatzen da badela lan aunitz egiteko euskararen erabilera areagotuko badugu, eta, horretarako, hizkuntza irizpide berriak beharko direla, baita udal langileen eta ordezkarien inplikazioa eta lidergoa ere. UEMAk egin beharreko bide horretan aholkularitza eta laguntza teknikoa eskainiko ditu, eta udalarekin zein euskara mankomunitatearekin koordinatuta eginen du lan.
Ttipi-ttapa aldizkariaren urriaren 4ko zenbakian, Lesakako herriko kronikan, artikulua argitara eman zen UEMAri buruz. Peio Etxabidek eta Izaro Mitxelenak UEMAren garrantzia dute hizpide bertan. Ttipi-ttapako artikulua hemen duzue irakurgai.
Hurrengo urratsa jendaurreko aurkezpena izanen da. Urriaren 19an batzar irekia izanen da Lesakako herriko etxean, 20:00etatik aitzinera. Udalak herritarrak eta eragileak gonbidatzeko gutunak zabalduko ditu egunotan.