IRAKURKETA SAIO ARRAKASTATSUA BERAN

Joan den ortziralean jendaurreko irakurketa egin genuen Beran. Saio hagitz arrakastatsua izan zen, nahiz eta eguraldiagatik azkenean ezin izan genuen aurreikusi bezala kanpoan egin. Hasteko, Berako eta Lesakako haurrek, 25 bat guztira, Juan Krutz Igarabideren Maisu berria liburua irakurri zuten txandaka. Ondoren, 10 gurasok Mikel Tabernaren Alkasoroko benta liburuaren lehenbiziko bi kapituluak irakurri zituzten, haiek ere txandaka. Mikel Tabernak berak irakurri zuen bere liburuaren zati bat, eta bertaratuei bere ibilbidearen berri eman zien, zer ekarri zion euskara ikasteak eta zer ate zabaldu zizkion. Irakurrian eta idatzian moldatzen ez diren gurasoak euskaltegian izena ematera animatu zituen, eta Ange Duhalderen kantaren hitzak gogora ekarrita, euskara gutxiago maitatzeko, eta gehiago gozatzeko gomendioa egin zien. Bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu izan genituen irakurle finei eta Mikel Tabernari.