BERAKO XV. KAFE ANTZERKI ZIKLOA

Datorren azaroaren 1ean hasiera emanen zaio Berako Kafe Antzerki Zikloaren hamabostgarren edizioari. Lehen emanaldia, azaroaren 1ean, ortzirala, izanen da, 22:00etan, Bikuilu ostatuan. Oihan Vegak (irratiko esatari eta telebistako aurkezle modura ezaguna denak) Euskararen espektakulue emanaldia eskainiko du.

Bigarrena azaroaren 8an, ortziralarekin, izanen da, 22:00etan, Lixoia ostatuan, hain zuzen. Kasu honetan Begiradak taldeak Balitzen Hioa emanaldia eskainiko du.

Hirugarrena azaroaren 16an izanen da, 22:00etan. Kasu honetan larunbatarekin, eta Berako Kultur Etxean izanen da, eta Tartean Teatroak Lingua nabajorum emanaldia eskainiko du.

Zikloa euskara batzordeak antolatzen du, Berako Kultur Batzordearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, eta helburu du euskarazko antzerkia ostatuetara, eta, oro har, jendea biltzen den tokietara, eramatea. Lehen eta bigarren saioak doan izanen dira, eta hirugarrena 7 € kostatuko da. Sarrerak egun berean salduko dira kultur etxean bertan.

Lehen emanaldian, Oihan Vegak, bakarrizketa komiko dibertigarri eta ironiko honekin, umorea eta sarkasmoa erabiliz, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egitera gonbidatuko gaitu musikaz, kantuez eta zineaz lagunduta.

Bigarren emanaldia Begirada taldeak eskainiko du. Ikuskizun hau sortzeko lau bertsolariri proposamen bat egin zieten: nahierara, hitzen inguruan hainbat testu idazteko eskatu zieten, eta, gero, testu horiek haria balira bezala, ikuskizuna josi dute. Ainhoa Agirreazaldegi, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdiren hitzak erabili dituzte hitzaren inguruko gogoetak eta iruzkinak ardatz dituen ikuskizun honetarako.

Hirugarren emanaldian taldeak “euskararen historia txoroa” eskainiko du. Egileen arabera, euskaldunak historian zehar beti ibili dira liskarrean kanpokoekin edo euren artean. Liskarrok sortu eta garatu omen dute euskara. Gatazka bakoitzari euskararen aldaketa bat dagokio. Hortaz, euskararen garapena ez da inoiz geldituko, gatazkak, modu, batekoak edo bertzekoak, beti izanen direlakoz.