IGANTZIKO GIDA ARGITARATU DU EUSKARA BATZORDEAK

Dagoeneko etxeetan da Igantziko Gida, herriko euskara batzordeak argitaratua. Gidak informazio aunitz eskaintzen du, baina helburu nagusia du etxeen izenak berreskuratzea eta horiek erabili daitezela. Ez da gisa honetako lehen gida, euskara batzordeak berak antzeko bertze bat argitaratu baitzuen 2003an. Hura zaharkitua gelditu dela-eta, berria argitaratu dute.

Gida horretan etxeari izena paratzeko normalean erabili izan diren irizpideak agertzen dira, etxe berriak egiten dituztenei izena paratzeko klabe batzuk emateko asmoarekin. Horrez gain, sobreetan, formularioetan, etab, helbideak nola idatzi behar diren ere erakusten digu. Bertze atal batean herriko zerbitzuak (zerbitzu publikoak, ostatuak eta denak, elkarteak eta lantegiak) ageri dira. Ondotik, auzoz auzo banatuta, herriko etxe guztien jabeak, helbideak etxearen izenarekin eta telefono zenbakia ageri dira. Azken orrietan herriko mapa dator, karrika eta auzoen banaketa erakusten duena.

Gidaren edukiak Igantziko Euskara Batzordeak prestatu ditu, Ekilur Komunikazioak diseinatu du eta argazkiak Oskar Txoperenarenak dira. Abendu bukaeran etxe guztietara banatu da ale bana. Edozeinek ale gehiago beharko balitu Herriko Etxean eskatzen ahal ditu.

Euskara batzordeak merkatua antolatu zuen apirilean, eta bertan bildutako diruari esker argitaratu ahal izan du gida hau.