EUSKARAREN ARNASGUNEEI BURUZKO TAILERRA LESAKAN

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskararen arnasguneei buruzko tailerra antolatu du. Lesakan izanen da, Harriondoa Kultur Etxean, apirilaren 2an eta 9an (asteazkenez), 18:30etik 20:30 arte.

Tailer hauek UEMAk Kontseiluarekin, Topagunearekin, EMUNekin, Bertsozale Elkartearekin eta EHErekin elkarlanean sortuak dira, eta dagoeneko Euskal Herriko hainbat herritan eskaini dituzte.

Labur erranda, arnasgunea euskara “bere kabian” sentitzen den bilgunea da, inork xaxatu eta eraso gabe “etxeko nagusi” sentitzen den eremua. Eta hizkuntza batek, aurrera eginen badu, bera nagusi den esparruak behar ditu, arnasgune horiek behar ditu.

Tailerren helburua da kontzeptu horretan sakontzea. Arnasgune bat zer den ezagutzera ematea, arnasgunean bizitzearen kontzientzia hartzea, eta hori zaintzeko eta hedatzeko herritar taldeak aktibatzea.

Tailerrean parte hartzea irekia izanen da interesa duen edozeinentzat. Aitzinetik gauzak hobeki antolatu ahal izateko, euskara mankomunitatean izen eman behar da 948 63 41 25 telefonora deituta edo euskara@bortziriak.eus helbidera idatzita, martxoaren 31 baino lehen.