IGANTZIKO UDALA ERE EUSKARAREN TONTORRERA IRITSI DA

Igantziko Udalak notarik altuena atera du euskararen erabileraren inguruan, UEMAk egin dion azterketan. Hizkuntza irizpideak neurtu ditu UEMAk, bere baitan diren gainontzeko udalerriekin egin duen bezala, eta, 2012ko Erabilera planean jasotako datuen eta langileei eginiko galdetegien arabera, Igantziko Udalak TONTORREAN maila lortu du, Arantzako udalak berriki eskuratu duen bezala. UEMAK, udalei egindako azterketa honek agerian uzten du administrazioan ere euskaraz lan egin daitekeela eta Bortzirietako bi udalek, Igantzi zein Arantzakoak, euskararen normalizazioaren alde orain arte egin duten ahaleginari esker mailarik gorenera iristea lortu dute, euskararen gailurra eskuratuz.

Igantziko Udalak, euskararen erabilerarengatik eskuratu duen TONTORREAN maila, hein handi batean, bertako udal langileen esfortzuari eta lanari esker lortu dela azpimarratu behar da. Administrariak eta gainerako langileek euskara administrazioko lan hizkuntza izan dadin hainbat urrats eman dituzte, herritarrei euskarazko zerbitzua eskainiz.

Ondorengo 4 urteetarako Igantziko udalak duen Euskararen Erabilera planaren helburua orain arte lortutakoari eustea izanen da, eta ahal den neurrian, aurrera egitea euskararen aldeko lorpenetan.