LESAKAKO EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ TALDEAREN AURKEZPENA

Ortziralean, maiatzaren 2an, Lesakako Euskal Herrian Euskaraz taldea aurkeztuko dute. Ekitaldia Kultur Etxean izanen da iluntzeko 20:00etan.

Euskal Herrian Euskaraz elkartea 1979. urteko azaroaren 4an aurkeztu zen euskal jendartearen aurrera. Durangoko Azoka izan zen lehen agerpena egiteko hautaturiko lekua. ‘Euskararik gabe, Euskal Herririk ez’ lelopean ekin zion orain arteko 35 urte luzetako bideari. Orduko hartan, osatzen dugun komunitatea eta lurraldea aintzat harturik, helburu argia plazaratu zuen elkarteak: Euskal Herri euskalduna lortzea.

Urte andana igaro da ordutik eta euskararen egoerak aldaketak izan dituenik ukatu gabe, egituraz egoera oso kaskarrean dago gure hizkuntza, baztertuta eta berezko lurraldean onarpen legalik gabe. Urteotan denetan EHEren helburu nagusiak bere horretan dirau: euskaraz biziko den herria, elebakarra, baina herritar eleanitzez osatua egongo dena eraikitzea.

Euskal Herriko hainbat hiri eta herrietan daude EHE taldeak: Arrosadia, Atarrabia, Beasain, Burlata, Etxarri-Aranatz, Oiartzun, Orereta, Santutxu eta Uztaritzen. Heldu den ortziraletik aurrera guzti hauei LESAKAKO EHE taldea gehituko zaie.

Euskal Herrian Euskaraz sortu zenetik, argi izan zuten EHE ez zela izango beren ekimena bulego barruan aurrera eramango zuen eragilea, eta kalea hartzea eta herritarrei zuzenean interpelatzea lehenetsi zuten. Hala, EHE hasieratik egin zien dei herritarrei herria berreuskalduntzeko bidera batu zitezen. Euskaldunei zera eskatuz: “Euskaraz egin dezagun. Euskaldun bezala ditugun eskubideak defenda eta eska ditzagun”.
Euskaldunak ez zirenei aldiz: “Euskara ikas. Euskara dohainik ikasteko duten eskubidea defenda eta eska”.
Duela 35 urte esan zuten moduan: “Jakitun gara denok: ez dago Euskal Herririk, eta are gutxiago euskal naziorik, euskararik gabe.

Euskal Herrian Euskaraz-en printzipioen alde lan eginen duen taldea sortu eta jendaurrean aurkeztera datoz Lesakara, beraz. Herritarrak gonbidatuta zaudete aurkezpen ekitaldi honetara, animatu!

Iturria: www.euskalherrianeuskaraz.org