Urtero bezala, Igantziko Euskara Batzordeak kultur egunak antolatu ditu. Abenduaren 6, 7 eta 8an izanen dira ekitaldi guztiak. Adi, ekitaldi hauek azpimarratzekoak!:
Abenduak 6, larunbata
- Gaueko 10:00etan, Baga, biga, higa ikuskaria izanen da, Eñaut Elorrieta eta Mikel Markezekin. Hitzaldi-kontzertu honen bitartez, bi kantariek euskal kantagintzari errepasoa eginen diote, 60. hamarkadatik hasita gaur egunera arte.
Abenduak 7, igandea
- Goizeko 10:30ean hasita, Bortzirietako EUSKARAZ BIZI NAHI DUT lasterketa izanen da. Izen emateak 10:30ean hasiko dira. 5 € ordaindu behar da parte hartzeagatik (14 urte bitartekoek doan), baina horrekin parte hartzaile guztiek zozketa batean parte hartuko dute. Sari ederrak zozketatuko dira: otorduak Igantziko La Villa jatetxean eta Donostiako Garraxi jatetxean, Irri Sarri Landerako sarrerak, Errigora saskiak, Igantziko produktuen saskiak, DVD portatila… Lasterketak lau ibilbide izanen ditu, adinaren araberakoak: 5 urte bitarteko haurrek 70 m-ko lasterketa eginen dute; 6-13 urte bitartekoek 500 m-koa; 14-15 urtekoek 2.000 m-ko ibilbidea eginen dute; 16 urtetik goitikoek aukeran izanen dute ibilbide haundiari buelta bat edo bi emateko. Goiz osoan opilak eta materiala erosteko aukera izanen da.
- Arratseko 9:00etan, Baratzondon, antzerki emanaldia izanen da. Olatz Pagaldai aktoreak Erdaldun berrien kluba antzezlana eskainiko du. AEDk ekoitzi du obra, eta gidoia Idoia Etxeberriak egin du. Umore klabean baina betiere kontzientzian azkura sortzeko asmoarekin, Irantzu protagonistak erdaldun berri izatearen gaineko gogoeta eginen du.
Eta ekitaldi hagitzez gehiago ere bai. Ikus egitaraua osorik!
Abenduak 6, larunbata
- Goizeko 10:00etan hasita eta eskolako gimnasioan, Felix Ligosek margoketa tailerra eskainiko du. Irakasle hori margoketa teknika berezi bat lantzen aritzen da eskolako haurrekin, emozio hezkuntzako programaren barrenean. Tailer honen bitartez bereziki gurasoei aukera eman nahi zaie erabiltzen duen teknika ezagutzeko. Tailerrak bi ordu iraunen du eta gimnasioan eginen da.
- Goizeko 11:00tan hasita, Elizateko kanpoko aldeko paretan mural bat margotuko dute herriko gazteek, “Zabal bideak eta aireak gure hizkuntzak har dezan arnas” leloarekin. Nahi duen guztiak parte hartzen ahal du.
- Arratsaldeko 4:00etatik 6:00ak arte eskolan haurren eskulanak ikusgai egonen dira. Ondotik haurrentzako berendua izanen da.
- Gaueko 10:00etan, Baratzondon, Baga, biga, higa ikuskaria izanen da, Eñaut Elorrieta eta Mikel Markezekin. Hitzaldi-kontzertu honen bitartez, bi kantariek euskal kantagintzari errepasoa eginen diote, 60. hamarkadatik hasita gaur egunera arte.
Abenduak 7, igandea
- Goizeko 10:30ean hasita, Bortzirietako Euskaraz bizi nahi dut lasterketa. Izen emateak 10:30ean hasiko dira. 5 € ordaindu behar da parte hartzeagatik (14 urte bitartekoek doan), baina horrekin parte hartzaile guztiek zozketa batean parte hartuko dute. Adinaren arabera lau ibilbide ezberdin izanen dira. Goiz osoan opilak eta materiala erosteko aukera izanen da.
- Arratsaldeko 5:00etan frontoian herriko haurren arteko pilota partidak izanen dira.
- Arratseko 9:00etan, Baratzondon, antzerki emanaldia izanen da. Olatz Pagaldai aktoreak Erdaldun berrien kluba antzezlana eskainiko du.
Abenduak 8, astelehena
- 12:00etan frontoian toka txapelketa izanen da, haur nahiz helduentzat.
- 12:00etan frontoian, ajoarriero txapelketa hasiko da. Parte hartu nahi dutenek Biltokin izen eman beharko dute abenduaren 1 baino lehen.
- 13:00etan ajoarriero dastaketa izanen da, eta txotx egiteko aukera. Nahi duten guztiek probatu ahal izanen dituzte lehiaketako ajoarrieroak eta txartel batzuen bitartez onena zein den bozkatu ahal izanen dute. Bukaeran botoa eman dutenen artean zozketa bat eginen da, eta parte hartu duten sukaldariei sariak emanen zaizkie.
- Arratsaldeko 6:00etan eskolan Bortziriak. Uraren magaletik, euskararen bidean dokumentala eskainiko da. Dokumental horrek Igantziko (eta Bortzirietako) adineko jendeari duela urte batzuk egindako elkarrizketak ditu oinarri, eta haiek kontatzen dituzten pasadizoak antzeztuz herriko hainbat haur eta gaztek parte hartu dute. Ondotik, dokumentala salgai egonen da.