BERA ETA LESAKAKO LIBURUTEGIETAN ARDURADUN IZATEKO OPOSIZIO-LEHIAKETARAKO DEIALDIA

Bera eta Lesakako liburutegietan arduradun izateko oposizio-lehiaketarako deialdia argitaratu zen joan den asteleheneko aldizkari ofizialean.

http://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/BON/Boletines/2015/139/Anuncio-2/

Deialdia epai baten aginduz atera da, 2010ean egindako bertze deialdi baten ondorioz. Orduko hartan Nafarroako Gobernuak 14 liburuzain lanpostu atera zituen oposizio bidez (lehiaketarik gabe), Lesaka eta Berakoa barne.

Eremu euskaldunean aritzeko lanpostuak izanik ere, euskaraz jakitea ez zen beharrezkotzat jotzen. Meritu bezala baloratuko zela aipatzen zuen, baina deialdiak ez zuen lehiaketarik (atal horretan baloratzen dira merituak), baizik eta oposizioa bakarrik (hau da, azterketak).

Berako Udalak helegitea jarri zuen, eta bide administratibotik aukera guztiak agortuta, aferak epaitegietan bukatu zuen. 2013ko uztailean izan zen epaiketa, eta urte bereko urrian jakin zen epaia. Epaiak neurri batean arrazoia ematen zion Berako Udalari, eta behartu zuen Nafarroako Gobernua Berako liburutegiko arduradunaren lanpostua berriz ateratzera, euskara jakitea meritu kualifikatu gisa har zezan aginduz.

Aurtengo otsailean gobernuak deialdia egiteko agindua emana zuen, eta azkenean pasa den asteleheneko NAOn argitaratu zuten. Deialdi honen inguruan hainbat gai aipa daitezke:

  • Epaiak Berako lanpostua oposizio bidez ateratzeko agindua ematen bazuen ere, deialdi honetan Lesakakoa ere atera dute.
  • Erran bezala, oraingoan ere euskaraz jakitea ez da beharrezkoa izanen. Meritu kualifikatu gisa baloratuko da. Hau da, C1 maila (EGAren parekoa) dutenek 4,28 puntu eskuratuko dituzte. Halere, planteatua dagoen moduan eta euskaraz jakitea ez denez nahitaezkoa izanen, gerta liteke lanpostua eskuratzen duenak euskaraz ez jakitea, edota euskaraz maila kaskarra izatea. Hau da, guztira 104,28 puntu izanen dira, eta hortik 4,28 puntu emanen zaizkio C1 maila duenari. Epaiak zioena betetzera mugatzen dira.

Oposizio-lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek abuztuaren 19ra arteko epea izanen dute izen emateko. Deialdian zehazten denez, oposizioko probak 2016ko urtarrilean eginen dira.