Bukatzear da Berako Kafe Antzerki Zikloaren XVII. edizioa. Azken saio hori azaroaren 22an, igandearekin, izanen da, Xuga ostatuan 19:00etan. Ziklo honetan beterano den taldea izanen dugu, Ez Dok Hiru taldea, hain zuzen ere. Patxo Telleria eta Mikel Martínez aktoreek “Desentxufatuak” lana eskainiko digute.
Antzezlan honek aitzinetik talde berak eskaini izan dizkigun “Euskera sencilloaren manifiestoa” eta “Larruaizetara” lanetako eszenarik hoberenak biltzen ditu.
Protagonistak bi euskara ikasle dira, “munduko euskaldunberririk zaharrenak”. Berrogei urte daramate euskaltegian eta oraindik… Publiko artera agertzen dira euren frustrazio, desio eta kexak adierazteko. Maitasun istoriorik ederrenetan bezala, euskara maite dute, eta gorroto. Gorroto dutelako maite dute; maite dutelako, gorroto.
Desentxufatuak katarsi ariketa bat da. Euskara ikasleentzat bada, jakina, euren isla (deformatua) ikusten dutelako eskenatokian. Baina euskara ikasle ez direnentzat ere aproposa da. Euskaldun guztion isla ere badirelako bi pertsonaiok. Euskaldunok ditugun desio, kexa, eta obsesio berberak dituztelako. Eta obsesioetan, bi nagusi: euskara bera eta… bai, sexua, jakina!