“Herrian erosi, euskaraz” erosi argazki lehiaketaren sariak banatuta

2017ko hasieran Baztan, Malerreka eta Bortzirietako Euskara Zerbitzuek HERRIAN EROSI,  EUSKARAZ EROSI kanpaina abiatu zuten. Kanpaina honen bidez hiru euskara zerbitzuek hainbat euskarri eskaini dizkiete merkatari eta ostalariei, esaterako irekita/itxita eta merkealdia karteltxoak eta langileek duten euskara gaitasunaren araberako bi mezurekin egindako pegatinak (Gurekin euskaraz lasai aski eta Poliki baina euskaraz). Kanpainan 100 saltokik baino gehiagok parte hartzen du dagoeneko.

Kanpaina hasteko argazki lehiaketa bat antolatu zuten hiru euskara zerbitzuek. Euskara eta Merkataritza izan zen proposatutako gaia eta argazkiak Herrian erosi, euskaraz erosi kanpainan parte hartzen duten saltokietan atera behar ziren. 17 argazki jaso dituzte euskara zerbitzuek.

Argazkiak aurkezteko epea pasata eta jasotako argazkiak aztertu eta gero, Oihana Retegi arraioztarrak Elizondoko Fantxike arropa eta opari dendan atera zuen argazkia izan da irabazlea. Bai Oihana Retegik baita Fantxike dendak ere 150 euroko erosketa txartela jaso dute. Erosketak Herrian erosi, euskaraz erosi kanpainan parte hartzen duten saltoki edo ostatutan egin beharko dituzte irabazleek.

Baztan, Malerreka eta Bortzirietako merkatari eta ostalariek oraindik ere parte hartzen ahal dute kanpaina honetan, horretarako bere eskualdeko euskara zerbitzuekin jartzen ahal dira harremanetan.