Datorren asteartean, urriak 31, Berako Beralandeta eraikinean, arratsaldeko 5:00etan, euskaraz ez dakiten edo ongi moldatzen ez diren gurasoentzako hitzaldia izanen da. Haurtzaindegi zerbitzua ere izanen da Beralandetan bertan, doan.
Hitzaldiaren helburua da etxean euskara irakasteko aukerarik ez duten gurasoei haien seme-alabak elebidun bilakatzen laguntzea. Hau da, hizkuntza bera ezin diete irakatsi, baina bai hizkuntzaz jabetzeko beharrezkoa diren motibazioa, erabilera eta ezagutza bermatu eta ziurtatu. Hori guraso guztien esku dago, euskaraz jakin ala ez.
Hizlaria Paula Kasares Corrales izanen da. Kasares Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da, eta hain zuzen ere bere tesi doktorala euskararen belaunez belauneko jarraipenaren eta familia euskaldunetako hizkuntza sozializazioaren gainean egin zuen. Geroztik, gai horren beraren inguruan “Euskaldun hazi Nafarroan” liburua argitaratu zuen (Euskaltzaindia, 2014). Azken urteotan gisa honetako hitzaldi ugari eskaini dizkie gurasoei Euskal Herriko hainbat herritan.
Hitzaldi hau euskaraz ez dakiten gurasoei zuzendua denez, gaztelaniaz izanen da. Mankomunitateak dei egiten die herritarrei, inguruan euskaraz ez dakiten gurasoak izanez gero, hitzaldira joan daitezen anima ditzaten.