Berako XIX. Kafe Antzerki Zikloa abian

Azaroaren 3an hasiko da Berako Kafe Antzerki Zikloa.  Dagoeneko bere 19. ediziora iritsi da euskarazko antzerkia ostatuetara, eta, oro har, jendea biltzen den tokietara, eramatea helburu duen zikloa.

Lehen emanaldia Kataku ostatuan izanen da, 22:00etan. Gilkitxaro taldeak Morbus operandi antzezlana eskainiko du estrainekoz. Galder Pérezek zuzendu eta Aiora Sedanok eta Ane Zabalak antzeztutako lan honetan, Karmele Fernandezek, praktiketan dagoen kazetariak, Arantzazu Garmendia enpresari arrakastatsua elkarrizketatuko du. Kazetariak, elkarrizketa egiterakoan, euskal enpresaren munduan azken hamarkadan izan den iruzurrik handiena deskubrituko du. Baina egunkarietarako berri freskoa izan zitekeena kazetariaren tormentu bilakatuko da. Urte batzuk beranduago, Garmendia turismo sailburu izendatuko dute, eta Fernández bere prentsa buru. Orduantxe aprobetxatuko du kazetariak hiru urte lehenago bizitako sufrimenduari mendekua hartzeko.

Azaroaren 10ean (ortziralea), berriz 22:00etan, emanaldia Auzoa ostatuan izanen da. Joseba Usabiagak eta Iñaki Santosek Ni ala zu antzezlana eskainiko dute. Musikarien paperean arituko dira biak, nahiz eta bat ero moduan aurkeztua den. Musikak gaixotuak dena daki musikaz, parean duen musikariak baino gehiago. Eta musikari handia dela kontatzen du, eta munduan barrena ibiltzen dela munduko kantari eta musikari ezagunekin. Parean duenak, ordea, badaki, edo badakiela uste du, gaitzaren ondorioz amesten dituela egoera horiek eta abenturak asmatu eta sinistu egiten dituela. Eta eroak kontatuko dizkio non ibilia den eta norekin, eta toki hartatik opariak ekarriko dizkio bisitan datorren bakoitzean, eta asmo berriak jakinaraziko dizkio. Lan honek euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2017ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza izeneko programan bigarren saria lortu zuen.

Azken emanaldia azaroaren 17an (ortziralea) izanen da, 20:00etan, Bidaxka ostatuan. Jon Martin eta Xamoa bertsolarien eta Andion Iturbide eta Eñaut Gantxegi aktoreen Espuela nahi? ikuskizuna izanen da. Bertsoak eta antzerkiak bat egiten duten ikuskizun honetan ostatuetako zerbitzariei buruz arituko dira. Izan ere, zer litzateke bizitza zerbitzaririk gabe? Haiek dira bezeroen psikologo, haiek bezeroen deseo ezkutuen asetzaile. Bertsolariak kamarero paperean jarriko ditu ikuskizunak eta posizio pribilegiatu horretatik kantatuko diote entzuleari. Entzuleen artean, ordea, denak ez dira ikusle inuzenteak izanen. Tartean izanen da zerbitzarien lana zailtzen tematuko den aktoreren bat.

Ohi bezala, Berako Euskara Batzordeak antolatu du zikloa, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Berako Kultur Batzordearen laguntzarekin.