Egungo gizartean pertsonen eleaniztasuna gero eta gehiago baloratzen den testuinguruan, Nafarroako familia askok aukeratzen du euskarazko irakaskuntza, horrela bere seme-alabek etorkizunean aukera gehiago izanen dituztela pentsatzen dutelakoz.
Familia batzuen eta bertzeen ingurunea aski ezberdina izaten ahal da: familia batzuk euskara anitz erabiltzen den eremuetan bizi dira, bertze batzuk euskara horrenbertze erabiltzen ez denetan. Horrez gain, haur horien familiak ere ezberdinak dira, zenbait kasutan familia osoak euskaraz daki, bertze zenbaitetan, aldiz, ez.
Euskaraz ikasten duten haurren guraso anitzek, euskaraz jakin ala ez, toki-entitateetako euskara zerbitzuetara jotzen dute hainbat zalantzarekin. Guraso horien helburua argia da; jakin nahi dute nola laguntzen ahal dieten seme-alabei beren hizkuntza-garapenean.
Eskaera horiek kontuan hartuz, Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuk, tartean Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, www.era.eus webgunea sortu dute, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas-prozesua osatzeko. Haurrek ikastetxeetan dagokien adinerako ezagutzak eta gaitasunak ikasten eta garatzen dituzte, baina euskarak gizartean duen presentzia desorekatua kontuan hartuta, ezagutza eta gaitasun horiek eskolaz kanpo ere indartzea egokia da, erraterako, etxean, kultur jardueretan edo eskolaz kanpoko jardueretan.
Euskara zerbitzuetako langileei, edota hezkuntzako eragileei, gisa horietako zalantzei erantzutea egokitzen zaie maiz. Hemendik aitzinera ere horrela jarraituko dute, baina horrez gain webgune honen bitartez ere gurasoek argitu ahal izanen dituzte horrelako zalantzak, eta horrez gain bertzelako informazioa ere eskuratu ahalko dute.
Webgunearen eduki garrantzitsuenak:
Aipatu den bezala, webgunearen bidez euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaini nahi zaizkie. Hauek dira webguneko atal adierazgarrienak:
• Gurasoen ohiko zalantzak argitzeko informazioa ematea.
• Interneten haurrentzat prestatutako edukiaren bilduma egitea, esaterako ipuinak, jolasak, musika, aplikazioak…
• 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eskolaz kanpoko jardueren bilduma (kirola, ikastaroak, ludotekak…)
• Haurrentzako euskarazko eskaintzaren berri emanen duen agenda eskualdeka antolatua.