Ekainaren 29an aurkeztu zen Beran Euskaraldia ekimena, Illekuetako parkean. Musika protagonista izan zen ekitaldi labur eta arinean: Ekhiñe Zapirainek, Eneritz Zapirainek eta Lizar Elexpuruk Euskaraldirako sortutako kanta aurkeztu zuten eta Sara Telletxea Bortzirietako Hamaikakoko kideak ere kantatu zuen. Euskaraldia zer den ezagutzeko balio izan zuen ekitaldiak, eta norberak nola parte har dezakeen ere erakutsi zuen.
Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Euskal Herriko hainbat euskaltzale elkartek urteetan zehar landu duten Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan kokatzen da eta bi mugarri izanen ditu. Batetik, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea izanen da 2018ko azaroa eta abendua bitartean eginen den “Euskaraldia 11 egun euskaraz” ekimenaren helburua. Bertzetik, hizkuntzaren normalizazioaren ardura pertsonen eta entitateen artean partekatua denez, 2019an, mota guzietako entitateek euskararen erabilera babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzea izanen da helburua.
Gisa honetako ekimenik ez da inoiz egin Euskal Herri osoan, aldi berean. Hamaika egunez 16 urtetik goitiko herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtuko dira. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen solasa, gutienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen da Euskaraldia Euskal Herri osoan, Beran eta Bortzirietan prestaketa-lanetan ari dira martxoaz geroztik, ekimenak ahalik eta zabalkunderik handiena izan dezan, herritar ahalik eta gehien inplikatzeko. Euskal Herriko gainerako tokietan bezala, euskalgintza eta erakunde publikoak elkarrekin ari dira Euskaraldia antolatzen, eta batzordean herritar euskaltzaleak, euskara sustatzeko erakundeetako ordezkariak, eta Berako Udalekoak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatekoak elkarlanean ari dira.
Ekainaren 23an aurkeztu zen ekimena Lesakan, eta ekainaren 29an Beran. Udako tartearen ondotik, ekimenaren aurkezpen orokorra irailean eginen da, eta hortik aitzinera parte hartzeko izen ematea zabalduko da. Adi, beraz, irailetik aitzinera!