Heldu den igandean, azaroak 10, hasiko da Berako Kafe Antzerki Zikloa. Lehen emanaldia Kataku ostatuan izanen da, eta bi pase eskainiko dira, lehena 18:00etan eta bigarrena 19:00etan. Tartean Teatroak Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña antzezlana eskainiko du. Patxo Telleriak zuzendu eta Mikel Martinezek antzeztutako lan hau taberna baterako bakarrizketa da. Tabernariak bere ohiko bezeroak konbokatu ditu, kaña bat ondo botatzen erakusteko. Aitzakia bat da bere kezkak, arrangurak, ilusioak eta desio frustratuak azalaratzeko. Formari dagokionez, egitura berezia proposatzen du, istorioa atzetik aurrera kontatzen delako. Hau ez da kapritxo estetiko bat, narrazioaren muinarekin lotuta baitago: denbora eta ekonomia eredu berrien gatazka.
Azaroaren 17an, 18:00etan, emanaldia Bidaxka ostatuan izanen da. Beheko Larraine taldeak Manifestu bat antzezlana eskainiko du, Miren Tirapu aktorearen eskutik. “Mila esker nire hiletarako gonbidapena onartzeagatik. Festa eder bat prestatu nahi nuen nire azkenerako, baina azkenean…” dio protagonistak. Azkenerako eta azkenean. Beti bazterreko pertsonaia bat baino izan ez denak, azkenean, arreta bereganatuko du antzezlan honetan. Bere barne-ahotsek, behingoagatik, begirada guzien erdigunera bultzatuko dute. Bueltan, bere begirada itzuliko digu. Nolako begirada, halako errealitatea. Begirada ironikoa heriotzari bizitzaren gorabeherak erakutsiz.
Azken emanaldia azaroaren 24an izanen da, 18:00etan, Goxune kafetegian (Agerra auzoa). Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenak Bakean dagoenari bakean utzi ikuskizuna eskainiko dute. Euskara eta generoa binomioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da.“Euskalduntze” kontzeptua protagonismo horren adierazle garbia da. Erlazio horren garrantziaz jabetuta daude gure bi protagonistak eta bikote horri hirugarren erpin bat gehitu nahi izan diote: umorea. “Bakean dagoenari bakean utzi” ikuskizuna elkarrekin lotzen diren elkarrizketek osatzen dute. Bertan, euskara eta generoari buruzko hainbat kontu aletzen dituztelarik, betaurreko umoreak jantzita: euskalkiak, amatasuna, onomatopeiak, gorpuzkerak, euskarakadak… Bakean dagoena bakean uzteko ez daude prest!
Beraz, dagoeneko bere 21. ediziora iritsi da euskarazko antzerkia ostatuetara, eta, oro har, jendea biltzen den tokietara, eramatea helburu duen zikloa. Ohi bezala, Berako Euskara Batzordeak antolatu du, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen eta Berako Kultur Batzordearen laguntzarekin.