Udalekuak 2020: hastera goazi!

Dena prest dago Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakan udalekuekin hasteko. Guzira 151 neska-mutikok izen eman dute eta 16 begirale arituko dira haiekin lanean. Dindaia Fundazioa arduratuko da udalekuen programazioaz eta kudeaketaz.

Arantzan 21 haurrek izen eman dute. Udalekuak uztailaren 13tik 31ra izanen dira, hiru astez; aurten ez da haur nahikorik apuntatu laugarren astea osatzeko. Berako kasuan 54 haurrek izen eman dute eta udalekuak lau astez izanen dira, uztailaren 13tik abuztuaren 7ra. Etxalarren 23 haur ibiliko dira udalekuetan. Kasu honetan ere udalekuak lau aste horietan izanen dira. Igantzin, Arantzan bezala, udalekuak uztailaren 13tik 31ra izanen dira, ez baita haur aski apuntatu laugarren astea osatzeko. Guzira 18 haurrek parte hartuko dute. Lesakako kasuan 35 dira partaideak. Kasu honetan zazpi astez luzatuko dira udalekuak, uztailaren 13tik abuztuaren 28ra, nahiz bukaera aldera izen ematea aunitz apaldu den.

Udalekuak ikastetxe publikoetan izanen dira aurten. Arantza, Bera, Etxalar eta Igantziko kasuan 10:00-13:00 bitartean izanen dira. Lesakako kasuan ordutegia luzatzeko aukera dago: haurrak 09:00-10:00 bitartean sartzen ahal dira eta bukaera ordua 13:00etan izanen da.

Udalekuek neska-mutikoei oporraldian eta jarduera ludikoen bidez euskaraz aritzeko aukera ematen diete. Aurten, Covid-19aren testuinguruan, helburu pedagogikoa ere gehitu zaie, eta haurrek osasun eta higiene neurriak modu praktiko eta ludikoan ikasteko aukera izanen dute, eta horrez gain alderdi emozionala ere bereziki landuko da.

Mankomunitateak osasun agintaritzetatik eman diren osasun eta higiene gomendio guziak beteko ditu udalekuetan, eta une bakoitzean eman daitezkeen neurri berrietara egokituko da. Horrez gain, bertan lan eginen duten begirale guztiek horretarako formakuntza zehatza izanen dute. Hortaz, udalekuak haurrentzako osasun espazio seguruak izanen dira.

Komeni da parte hartuko duten haurren familiek udalekuetako araudia, batik bat Covid-19arekin lotutakoa, aitzinetik irakurtzea. Araudi osoa hemen: