Heldu den abenduaren 2an, asteazkenarekin, Ekaitz Santaziliak eta Mikel Tabernak solasaldia eskainiko dute, Berako udal artxibategian gordetako 1822ko eskuizkribuaren inguruan. Hitzaldia 19:00etan izanen da, Berako Kultur Etxeko erakusgelan.
“Uscaldunac garen ezquero…” Halaxe ematen dio hasiera eskuizkribuak, idatzi zutenen ustez eskuizkribuak euskaraz behar baitzuen, herritarrek elkar hobeki ulertzeko . Euskara eder eta aski ulerterrezean, garai hartako bizimoduaren, hizkeraren eta egoeraren berri ematen digu. Mediku bila zebiltzan beratarrak, eta nonbait gai horri buruz eztabaidatzeko batzarrerako egindakoa da.
Hitzaldian eskuizkribuari buruzko xehetasun gehiago emanen badituzte ere, gaian sakondu nahi duenak Santaziliak eta Tabernak Euskera aldizkarian argitaratutako “Uscaldunak garen ezquero. Euskal testu administratibo berri bat (1822)” izeneko artikulura ere jotzen ahal dute. Bertan eskuizkribuaren azterketa sakona egiten dute eta testu osoaren faksimila ere eransten dute. Honatx artikulua:
MTaberna eta ESantaziliaren artikulua Euskera aldizkarian – Kopia