Merkataritzan, ostalaritzan eta oro har zerbitzu sektorean euskara naturaltasunez erabiltzeko baliabide ugari eskaintzen ditu UEMAk, doan. Erraterako, faktura takoak, kartelak eta sektorekako hiztegiak. Orain, kartelak eta gainerakoak eskatu ahal izateko gunea osatu du: uema.eus/kartelak UEMAko kide diren herrietako udalek, ostalariek eta merkatariek erabili ahal izanen dute zerbitzua.
Ez da berria UEMAk bertako kide diren udalei eta udalerri horietako merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko gainerakoei eskaintzen dien zerbitzua. Orain, ordea, batzuentzat eta bertzeentzat egindako kartelak bildu, eta horiek errazago eskatzeko eta pertsonalizatzeko gunea prestatu du UEMAk, eta uema.eus/kartelak gunera sartuta, nahi dituzten kartelak hautatzeko eta eskatzeko modua izanen dute dendariek eta ostalariek, horretarako eskaera-orria beteta.
UEMAtik nahiz Bortzirietako Euskara Mankomunitatetik erran ohi den bezala, euskara erakusleihora ateratzea aukera paregabea da:
• Zerbitzua bezeroaren hizkuntzan eskaintzea kalitatezko zerbitzua ematea da.
• Gure herritarren gehiengoa euskalduna da, %70etik gora; gazteak are gehiago. Horrez gain, euskaraz solas egin ez arren, ulertzen dutenak eta ikasten ari direnak aunitz dira.
• Herritarrek eta turistek eskertuko dute euskara erabiltzea.
• Euskara da gure herriko berezko hizkuntza, gure izateko eraren parte da, eta hori erakusteak berezi egiten gaitu.
• Zure denda, jatetxea edo taberna ere herrian erreferentea da. Horregatik, bidelagun izan nahi zaitugu euskararen aldeko jardun honetan, euskara delako gure marka.