Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sustatuta, azken asteotan bertako euskalgintzaren gogoeta prozesua egiten ari gara gure eskualdean.
Aurreikusitako hiru saioetatik bigarrena izan zen joan den apirilaren 24an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean egin zena.
Parte hartze polita
Jardunaldia arrakastaz burutu zen. Hasteko, herritarren parte hartzea handia izan zen. Guzira 45 lagunek izen eman zuten jardunaldian. Gizon-emakumeen parte hartzea hagitz orekatua izan zen. Espero zitekeen bezala, gehienak beratarrak eta lesakarrak izan ziren, baina Arantza, Etxalar eta Igantziko herritarrak ere bertan izan ziren. Bertaratutakoen artean adin aniztasuna ere nabarmentzekoa da.
Datu kuantitatibo horiez haratago, jardunaldiaren azken orduan parte hartzaileak talde dinamika batean aritu ziren, Elhuyar Aholkularitzak dinamizatuta, goizean zehar aditutako esperientzietatik Bortzirietara zer ekar daitekeen eztabaidatzeko. Partaide guziak gogotsu aritu ziren dinamikan, eta ekarpen politak utzi zituzten.
Goizeko hitzaldiak
Egitarauari jarraituz, mankomunitatearen sorrerari eta ibilbideari errepasoa eginez eman zitzaion hasiera goizari. Ondotik Kike Amonarrizen hitzaldia etorri zen, “Herritarren aktibazioa. Euskara biziberritzeko baldintza” izenburuarekin. Kikek berak aurkeztuta eta dinamizatuta, Tolosaldea, Hernani eta Arrasateko esperientziak aditzeko aukera izan zen gero. Hiruretan egina dute mugimendu sozialak aktibatzearen inguruko gogoeta, eta mugimendu sozialaren eta instituzioen arteko harremana nolakoa izan behar den hausnartu dute edo horretan ari dira. Hortaz, Bortzirietan badugu zer ikasia bertzeen esperientzietatik. Horixe bederen ikasi genuen apirilaren 24an!
Hurrengo hitzordua
Gogoeta prozesuak aitzinera segitzen du orain, eta azken saioa maiatzaren 29an izanen du. Egun horretan parte hartzaileak berriz elkartuko dira Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, kasu honetan Bortzirietako euskararen aldeko mugimendu soziala aktibatzeari begira eman beharreko urratsak denon artean finkatzeko. Saio horretarako izen ematea beharrezkoa da. Laster emanen du mankomunitateak horren berri.