“ERA Eskola, gurasoentzako trebakuntza” II. edizioa urriaren 6, 13 eta 20an

ERA Eskola, gurasoentzako trebakuntza” II. edizioa antolatu dute tokiko euskara zerbitzuek eta Euskarabideak, baliabideak eskainiz familiak ahalduntzeko. Adituekin hiru online saio eskainiko dira euskaraz zein gaztelaniaz familia euskaldunetan euskara sendotzeko arrazoiak eta bideak emateko, familia eta eskola norabide berean eta sintonia berean aritzearen garrantziari buruz eta haurrak euskarazko irakurketara nola zaletzeari buruz.

 Euskarazko irakaskuntzara hurbiltzen diren familiei harrera eta laguntza eskaini eta horiek ahalduntzeko online guraso eskola ekimena martxan jarri zuten iaz Nafarroako toki entitateek (Bortzirietako Euskara Mankomunitatea barne dela) eta Euskarabideak elkarlanean. Horretarako, euskaraz zein gaztelaniaz online eskainiko diren hiru emanaldi antolatu dituzte Paula Kasares, Yolanda Olasagarre eta Intza Alkain adituekin.

PROIEKTUAREN FILOSOFIA:

Gurasoek hainbat erabaki hartu behar izaten dituzte semearen edo alabaren ongizatea lortzeko bidean: elikaduraren, zebrabidea gurutzatzearen, lotarako errutinen, osasunaren inguruan… Horietan bezala, hizkuntzarekin ere uneoro hartzen dira, modu kontzientean edo ez. Guraso aktibo izatea zergatik den garrantzitsua jakin nahi duzu? Zein leku eman euskarari familian eta egiteko horretan zer dagoen familiaren esku? Eskolan ahozkotasuna lantzen da gero eta gehiago, badakizu nola lagundu horretan etxetik? Nola zaletu haurra euskaraz irakurtzera? Zer gako eta baliabide daude horretarako?

ERA Eskolen bigarren edizio honetan Paula Kasares (urriak 6), Yolanda Olasagarre (urriak 13) eta  Intza Alkain (urriak 20) izanen dira eta saio guztiak ERA.eus-en YouTube kanalean emitituko dira: www.youtube.com/c/EraNafarroa/ . Hala, hizlari bakoitzak hiru azpigai landuko ditu beste horrenbeste bideo laburretan.

Saio guztiak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, aldi berean baina eduki ezberdina izanen dute ikuslea euskalduna bada ala ez. Hala, lehen pieza 17:00etan estreinatuko da euskaraz eta gaztelaniaz, bigarrena 17:10ean, eta hirugarrena 17:20an. Azpigai guztiak ERA.eus-en Youtube kanaleko bi Playlist-etan estreinatuko dira, bata euskarazko mintzaldiekin, bestea gaztelaniazkoekin.

Ikusleek kontsultarik egin nahiko balute, YouTube kanaleko mintzaldien bideoetan iruzkinak egin ditzakete eta saioaren hurrengo egunetan erantzunen da, iruzkinean bertan.

www.eranafarroa.eus toki entitateetako euskara zerbitzuek sortutako webgunea da eta bertan 0 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familientzako laguntza eta baliabideak daude. Zertarako? Haurren euskararen ikas-prozesua osatzeko eta biribiltzeko: edozein erregistro eta egoeratan moldatzen ikasteko, ziurtasuna eta jariotasuna eskuratzeko eta noski, euskararekin gozatzeko.

Ekimen honen antolatzaile dira Euskarabidea eta euskara zerbitzua duten ondoko Udal, Mankomunitate eta Batzar Nagusiak: Aoiz/Agoitz, Ansoáin/Antsoain, Valle de Aranguren/Aranguren Ibarra, Artzibar/Valle de Arce, Auritz/Burguete, Barañain/Barañáin, Baztan, Berrioplano/Berriobeiti, Berriozar, Burlada/Burlata, Cendea de Galar/Galar Zendea, Cendea de Olza/Oltza Zendea, Erroibar/Erro, Esteribar, Etxauri, Estella-Lizarra, Huarte/Uharte, Lizoainibar-Arriasgoiti, Luzaide/Valcarlos, Orkoien, Pamplona/Iruña, Puente la Reina/Gares, Tafalla, Villava/ Atarrabia, Zizur Mayor/Zizur Nagusia, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Irantzu, Malerreka, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Sakana, Valdizarbe/Izarbeibar. Aezkoa, Erronkari/Roncal, Zaraitzu/Salazar.

PROGRAMA ZEHATZA

1. saioa: urriak 6

Landuko diren gaiak eta emisio ordua:

  • 17:00 Euskararen transmisioa: mitotik errealitatera.
  • 17:10 Zergatik da garrantzitsua euskararen arloan guraso aktiboa izatea?
  • 17:20 Familiaren esku dagoena: motibazioa eta erabiltzeko aukerak.

Hizlariari buruz: Paula Kasares Euskal Filologian nahiz Antropologian graduduna eta Soziolinguistikan doktorea da. UPNA/NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle dihardu. Haurren hizkuntza sozializazioaren eta familien hizkuntza politikaren arloetan ikertzailea. Hiru libururen eta hainbat artikulu zientifikoren egilea.

2. saioa: urriak 13

Landuko diren gaiak eta emisio ordua:

  • 17:00 Bakoitzak berea, denon artean dena.
  • 17:10 Zergatik sustatu ahozko gaitasuna eta motibazioa familian.
  • 17:20 Nola egin ahozko gaitasuna eta motibazioa familian aberasteko.

Hizlariari buruz: Yolanda Olasagarre irakasleen prestatzailea da EIBZn (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa), Hezkuntza Departamentuan. Ikasleen euskarazko ahozko komunikazio gaitasunaren eta motibazioaren didaktikan aditua.

3. saioa: urriak 20

Landuko diren gaiak eta emisio ordua:

  • 17:00 Zer da irakurketa zaletasuna? Zaletasunaren eta gaitasunaren arteko aldeak.
  • 17:10 Nola zaletu euskarazko irakurketara? 5 gako etxetik eragiteko.
  • 17:20 Irakurzaletzeko euskarazko liburuak eta baliabideak

Hizlariari buruz: Intza Alkain Haur Hezkuntzan graduatua EHUn eta Haur eta Gazte Literaturan espezializatua Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Egun, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura elkartearen Irakurzaletasuna sustatzeko Lantegietako dinamizatzailea da eta Liburu Gaztea eta Booktuberboom proiektuak kudeatzen ditu.