Ongi etorria berriki Berara bizitzera etorritako herritarrei

Joan den maiatzaren 24an, asteartearekin, 18:30ean hasita, Berara azken hilabeteotan bizitzera etorritako herritarrei ongi etorria emateko saioa izan zen herriko etxean, euskara eta hizkuntza zein kultura aniztasuna ardatz hartuta.

Bileran parte hartu zuten alkateak, euskara mankomunitateko ordezkari ere badena, bertsolariek, euskalgintzako kide batek, euskara mankomunitateko teknikariak, eta azken hilabeteotan Berara bizitzera etorritako 8 herritarrek, jatorri, kultura, hizkuntza eta bizitza ibilbideen aniztasuna islatzen dutenak. Guztiek aipatu zuten Beran gustura sentitzen direla eta adierazi zuten euskara eta euskal kulturarekiko interesa.

Saioa ezusteko moduan abiatu zen. Ekhiñe Zapiain eta Julen Zelaieta bertsolariek bina bertso jarri kantatu zizkieten bertaratuei. Bertsoak pantailan izan ziren ikusgai, euskaraz eta itzulpenarekin. Bukaeran, oroigarri gisa, bertso paperak etxera eraman zituzten gonbidatuek.

Bertsoak (eus)

Berako alkate Aitor Elexpuruk euskara eta herri euskaldunak izan zituen hizpide. Gonbita egin zien bertaratuei euskara eta euskal kulturara hurbiltzeko. Horrez gain, seme-alabak dituzten gurasoen kasuan, haurrek D ereduan matrikulatzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Jon Abril euskalgintzako kideak euskararen biziberritzean egindako bidea azaldu zuen. Hizkuntza komunitate bezala ditugun erronkak agertu zituen.

Ondoren, gonbidatuek hartu zuten hitza. Guztiak solastu ziren eta azaldu zuten nondik heldu diren, jatorrizko hizkuntza eta kulturak, lanbideak, asmo eta ametsak, eta abar. Saioa bera antolatu izana eskertu zuten. Honakoak dira bertaratu ziren herritarren jatorriak: Euskal Herria, Nikaragua, Kolonbia, Peru eta Kazakhstan.

Euskara teknikariak, bere aldetik, euskararen inguruko informazio eta baliabideen berri eman zien bertaratuei.

Bukatzeko, berendua izan zen; zerbait ere jan eta edan bidenabar solasten segitzeko eta elkar ezagutzeko parada izan zuten bertaratuek. Asmoa da tankera honetako saioak urtean behin egitea, azken aldian herrira bizitzera etorri diren herritarrei ongi etorria emateko.