Mankomunitateko Batzorde erabakitzaileak, 2023ko urriaren 25ean egindako bileran, heldu den urteko jardueren plana eta aurrekontua onartu zituen.
Aurrekontuari dagokionez, 390.450,42 euroko aurrekontua onartu da. Hauxe da, laburbilduz, aurreikusten den gastuaren banaketa:
Funtzionamendu gastuak | 153.547,60 € |
Planaren garapenerako gastuak | 99.860,04 € |
Dirulaguntzak | 137.042,78 € |
Diru sarrera nagusiena bortz udalek egiten duten ekarpenetik etorriko da; hain zuzen ere, 328.450,42 eurokoa izanen da 2024an. Gainerakoa dirulaguntzekin eta herritarren ekarpenekin osatuko da.
Planari dagokionez, 2021-2024 bitartean garatzen ari den plan estrategikoan du oinarri heldu den urterako proposatu denak. Haur eta gaztetxoak euskaraz sozializatzeko ildoari dagokionez, familiekin ohiko sentsibilizazio lana eginen da euskarak haurren bizitzan ahalik eta presentzia gehien izan dezan. Sentsibilizazioa lantzeko euskarriez gainera, euskara ikasteko zailtasunak dituzten haurrentzako “Solasean” indartze programari jarraipena emanen zaio, baita udaleku irekiei ere. Berrikuntza modura, mugaz gaindiko gaztetxoen arteko harremanak sustatze aldera, udaleku ibiltariak antolatuko dira, Oiartzungo, Sarako eta Urruñako udalekin elkarlanean. Nabarmentzeko bertze asmo berri bat izanen da Bortzirietako ikastetxeekin landuko den egitasmoa, irakasleentzako bertako hizkeraren gaineko formakuntza eskainiz.
Hiztun berrien ildoari dagokionez, herritarrak euskara ikastera animatzeko ohiko kanpaina egiteaz gainera, bereziki atzerriko jatorria duten herritarrei euskara 0 gisako ikastaroak eskainiko zaizkie. Bada behar eta eskaera hori, bereziki zaintza arloan, jatorri atzerritarra duten gurasoen aldetik, eta abar. Hizkuntza integrazioa lantzeko modua da, euskararekiko eta euskal kulturarekiko lehenbiziko harremana egiteko, gerorako euskalduntze ibilbideetarako…
Gizarte erabileraren ildoari dagokionez, Bortzirietan 70. eta 80. hamarkadetan euskara biziberritzeko prozesua nolakoa izan zen jasoko duen ikus-entzunezkoa eginen da, prozesu hartan aritu ziren 20 bat eragileri egindako elkarrizketak oinarri hartuta. Lan munduari dagokionez, Bortzirietako enpresa handietan sustapen berezia eginen da, Nafarroako Gobernuko dirulaguntzen berri emateko eta lantegietan euskararen inguruko neurriak hartu eta erabilera planak abiatu daitezen. Bertzalde, mota guzietako elkarteekin hizkuntza irizpideak landuko dira, beren ahozko nahiz idatzizko jardunean erabil ditzaten.
Hizkuntzaren corpusaren atalean, aurten antolatutako hitano ikastaroari jarraipena emanez, horren inguruko hitzaldia eta mintzodromoa antolatuko dira. Horrez gain, irakasleei eskainiko zaien bertako hizkerari buruzko ikastaroko materiala oinarri hartuta, Bortzirietako hizkeraren gida osatu nahi da.
Zalantzarik gabe, plana aitzinera eramateaz gainera, derrigor aintzat hartu beharko da Bortzirietan mankomunitate bakarra sortzeko abian den prozesua. Etorkizun hurbilean horrek euskara zerbitzuari ekartzen ahal dizkion egokitze lanak eta aldaketak ere aurreikusi beharko dira.