Euskara mankomunitateak euskara ikasleentzako dirulaguntzak ebatzi ditu

Euskara mankomunitateak euskara ikasleentzako dirulaguntzak banatu ditu, udako ikastaroengatik eta 2023-2024 ikasturteko matrikulagatik.

Batzorde Erabakitzaileak euskara ikasleei dirulaguntzak emateko deialdia onartu zuen 2023ko apirilean. Deialdiak 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era arte egindako ikastaroen matrikula gastuak hartzen ditu bere barne. Eskaerak aurkezteko bi epe daude: bat, 2023ko irailaren 1etik urriaren 13ra artekoa (uda ikastaroengatik egiten diren eskaeretarako edota ikasturtean egiten diren ikastaroetarako, eskatzaileak dirulaguntza aitzinatzea nahi duenean); bertzea, 2024ko ekainaren 1etik 30era bitartekoa. Ikastaro bakoitzeko gehienez ere 700 euroko dirulaguntza emanen da.

Lehenbiziko epealdi honetan, guzira 55 eskaera jaso dira, horietatik 42 ikasturtean zehar egiteko ikastaroetarako, uda ikastaroengatik eskaera bakarra etorri da, eta 12 eskaera irailean zehar egin den hitano ikastaro trinkoari dagozkie. Eskatzaileen ikastegiari erreparatzen badiogu, gehienak Bortzirietako euskaltegiko ikasleak dira (52), eskatzaile batek Irungo Udal Euskaltegian egin zuen udako ikastaroa, eta ikasturte honetan Bortzirietatik kanpo ikasten ari diren eskatzaileen artean, bat Irungo HEOan ari da, eta bertzea AEKn.

Eskatzaile guzien dokumentazioa azterturik  55 eskatzaileek hartu dute dirulaguntza, guziek bete dituzte baldintzak, eta ondorioz ez da bakar bat bera ere baztertu. Guzira,  12.040,72 euro ordaindu dizkie euskara mankomunitateak euskara ikasleei lehenbiziko epealdi honetan. Azpimarratzekoa da 42 ikaslek dirulaguntzaren zati handi bat hartu dutela ikasturtearen hasiera xamarrean.

39-2023 ebazpena. Eusk ikasleak 23-24 1. zatia