Euskararen egoera Bortzirietan gaur egun: zer diote datuek?

Heldu den martxoaren 19an, asteartearekin, 19:00etan, aurkezpen saioa izanen da Lesakako herriko etxean. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskararen egoerari buruzko txostena landu du, eta emaitza eta ondorio nagusiak ezagutzera eman nahi ditu. Horrez gain, bertaratzen direnek parada izanen dute egoerari eta erronkei buruz gogoeta egiteko.

Zein da euskararen egoera Bortzirietan? Osasuntsu dago? Zer nolako informazioa dugu euskararen egoerari buruzko irakurketa egiteko? Zer diote datuek? Zein da joera? Galdera horien inguruan aritzeko parada izanen da heldu den astean. Urtarrilaren 25ean Iñaki Iurrebaso soziologoak hitzaldia eman zuen Beran euskararen egoeraren inguruko gako eta erronka nagusiei buruz, guztiz argigarria suertatu zena. Martxoaren 19an euskara mankomunitateak Lesakan antolatu duen saioa horren segida da, eta Iñaki Iurrebasok euskararen egoera irakurtzeko proposatzen dituen gakoak hagitz baliagarriak izanen dira Bortzirietan euskararen egoera zertan den aztertzeko.

Hartara, euskara mankomunitateak txostena prestatu du euskararen egoerari buruz, azken 20 urteotan bildutako datuekin, aitzinetik bere eskura zituen datuak azken datu bilketekin osatu eta eguneratuta. Bereziki, honako gai hauek izanen dira aztergai: demografia datuak eta jatorri aniztasunari buruzkoak, euskararen ezagutza, euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea eta euskararen erabilera. Hasteko, berriki eskuratutako datuen irakurketa eginen da, ondoren azken 20 urteotako bilakaeran paratzeko begirada. Datu orokorrak eta herriz herrikoak aurkeztuko dira, eta adinari zein generoari arreta berezia eskainiko zaie. Datuak aurkezteaz gain, asmoa da bertaratzen direnekin gogoeta egitea euskararen egoera eta erronkei buruz, beraz, saioan aukera izanen da parte hartzerako eta iritzi trukerako.