Haur-gazteeentzako udalekuak: hamaika aukera

Haur eta gazte aunitzek parte hartu ohi dute udako oporraldian antolatzen diren udalekuetan, eta oraintxe da garaia aurtengo udalekuei buruzko erabakiak hartzeko. Izan ere, antolatzaileak ari dira beren eskaintzei buruzko informazioa argitaratzen. Kasu aunitzetan izen emateko epeak ere zabalik daude, eta aukera batzuk dagoeneko beteak gainera!

Nafarroako euskara zerbitzuek euskarazko udaleku eskaintza ezberdinen bilduma egin dute, urtero bezala, familiek informazioa eta izen ematea ahalik eta errazen bilatu ahal izan dezaten. Euskal Herriko toki ezberdinetan antolatzen diren udalekuen artean hautatu ahal izanen dute, eta mota aunitzetako udalekuen artean. Aukera zabala dago! Hona hemen LHko nahiz DBHko haur-gaztetxoentzako udaleku aukeraren laburbilduma:

  

Salto udalekuak

Eta aukera horrez gainera, oroitarazi UEMAk antolatzen dituen Salto! udalekuan parte hartzeko aukera dutela Bortzirietako gazteek, Euskal Herriko bertze hainbat udalerri euskaldunetako gazteekin batera. Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu aurten ere UEMAk. Aurten bi txanda izango dira: ekainaren 24tik uztailaren 2ra, eta uztailaren 4tik 12ra.  Aurten ere ibiltaria izango da ekimena, eta Arantzatik Elizondorako bidea egingo dute gazteek. Txanda bakoitzean 60 lagunentzako lekua dago, 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoentzat. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua.

Izen ematea zabalik dago martxoaren 31ra arte. Informazio zehatza aurkituko duzue hemen, eta baita bideo honetan ere:

 

Mugaldeko Udalekua

Ezin ahantzi ekimen berri hau, Ttur-ttur Euskaltzaleen Bilguneak antolatutakoa. Udaleku berri honetan parte hartzeko baldintza da Bortzirietan, Oiartzunen, Saran edota Urruñan erroldatua egotea eta, aipatu bezala, 2009-2010 urteetan jaioa izatea. Horrez gain, beharrezkoa da euskaraz jakitea.

Udalekua Oiartzunen hasiko da, uztailaren 15ean, goizeko 10:00etan. Egunez egun Urruñara arteko ibilbidea osatuko dute, herriz herri jarduera ezberdinak eginez. Uztailaren 20an bukatuko da udalekua, Urruñan, egun osoko egitarauaren ondotik, 18:00etan.

Izen ematea online egin behar da eta horretarako epea martxoaren 29ra artekoa izanen da. Toki kopuru mugatua izanen da eta gehienez ere 40 gaztek parte hartuko ahalko dute.

Udalekuaren prezioa 120 eurokoa da. Familiek apirilean jakinen dute izen ematea onartua izan den. Antolatzailea haiekin harremanean jarriko da ordainketa bideratzeko eta behar den dokumentazioa eskatzeko. Udalekua aitzinera ateratzeko gutienez 15 izen emate beharko dira.

Jarduera honen xede nagusia muga administratiboak gainditzea da, eta helburu zehatzak honakoak dira:

  • Iparraldeko eta hegoaldeko gazteen arteko harremanak eraiki eta sendotzea.
  • Euskara eta euskalkiak ezagutu eta praktikatzea.
  • Parte hartzea bultzatzea.
  • Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzea natura, kultura eta kirola ardatz hartuaz.

Udalekuaren antolatzailea Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea da eta honako erakundeon babesa dauka: Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Oiartzungo Udala, Sarako Herriko Etxea, Urruñako Herriko Etxea.

Informazio zehatza eta izen ematea: https://ttipi.eus/mugaldeko-udalekua-aurkezpena