Errenta aitorpena (euskaraz!) egiteko garaia da

Abian da 2023ko errenta aitorpena egiteko kanpaina; Nafarroan apirilaren 9an hasi eta ekainaren 27ra artekoa izanen da horretarako epea. Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, UEMAk eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, bertze hainbat erakunde publikorekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi dute. Izan ere, urtez urte errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua goiti doan arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urruti dago oraindik ere. Hortaz, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia egin nahi zaie.

Autolikidazio proposamena onartzerakoan, aitorpena internetez egitean edota ogasunaren bulegoetan bertaratuta, errenta egiteko modua edozein izanda ere, euskaraz nahi duzula hautatu edo dagokion langileari eskatzea baino ez dago. Gestoria baten bidez eginez gero, errenta aitorpena euskaraz egiteko eta ogasunekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea ere adierazten ahal da.