Bortzirietako Euskara Mankomunitateak urte hasieran Bortzirietako enpresetan euskara sustatzeko egitasmoa abiatu zuen, EMUN Aholkularitzarekin lankidetzan. Udaberri hasierara arte Bortzirietako industria arloko enpresa garrantzitsuenak bisitatu dituzte, eta balorazioa hagitz baikorra da; euskararen erabileran aitzinera egiteko asmoa eta aukera nabarmendu dituzte. Egitasmoa borobiltzeko Bortzirietako enpresen antolatu dute, datozen hilabeteetan segida izanen duena.
Bortzirietako enpresen foroa
Maiatzaren 21ean Bortzirietako enpresen foroa bildu zen Lesakako Alkaiagan, Cederna-Garalurren egoitzan, eta enpresetako, Euskarabideko, euskara mankomunitateko eta EMUN Aholkularitzako ordezkariak bertaratu ziren. Bilera emankorra suertatu zen eta asmoa agertu dute enpresetan euskararen erabilera elkarlanean lantzeko foroari; udazkenean eginen dute hurrengo bilera eta enpresa eta eragile gehiago gonbidatu asmo dituzte.
Euskarabidearen dirulaguntza deialdia
Bileran enpresetan euskararen erabilera areagotzeko egitasmo, baliabide eta laguntzak izan zituzten hizpide. Euskarabideak enpresa pribatuetan euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntza deialdia argitaratu berri du eta horren inguruko informazio xehea jaso zuten enpresetako ordezkariek. Eskaerak aurkezteko azken eguna ekainaren 10a izanen da.
Praktika onen inguruko bideoa
Zergatik eta zertarako euskara lan munduan eta enpresetan. EMUN Aholkularitzak ikerketa egin berri du eta euskara enpresetan txertatzearen garrantzia eta arrazoiak ederki azaltzen dira bideo honetan.