Bortzirietako enpresetan euskararen erabilera sustatzeko egitasmo berria

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, EMUN aholkularitzarekin elkarlanean, Bortzirietako enpresetan euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa abiatu du; apirilaren bukaerara arte zenbait enpresatan bisitak eginen dira.

Bortzirietako enpresetan euskaren erabileran aitzinera egiteko saiakerekin aspaldi hasi zen mankomunitatea. Lantegi handietan eragiteko Lan Munduko Batzordea sortu zen bere garaian eta egin zuen bere bidea; sentsibilizazio ekimenak, kanpainak, mahainguruak, argitalpenak, eta abar.
Etenaldi baten ondotik, euskara mankomunitatetik eragite lan horri segida eman zitzaion. Aipatzekoak dira Mendialdeko euskara zerbitzuek elkarlanean prestatu zuten gidaliburua eta Euskarabidearen dirulaguntza deialdiari zabalkundea emateko ahalegina. Euskaraldiko azkeneko bi edizioetan ere (2020an eta 2022an) jorratu zen enpresa mundua; Bortzirietako zenbait enpresatan ariguneak izan ziren ariketak iraun bitartean.

Egitasmoa garatzeko ardura EMUN aholkularitzarena izanen da. Lan munduaren euskalduntzean ezagutza eta eskarmentu handia dute, eta hemendik eta apirilaren bukaera bitarte, zenbait enpresa bisitatuko dituzte. Bilera horietan egitasmoaren berri eman eta lantokian euskararen erabilera handitzeko zein neurri hartzen ahal diren aztertuko dute, betiere enpresa bakoitzaren errealitatea kontuan hartuta.

Prentsaurrekoa_20240208

Erran.eus