Uztailaren 15etik 21era bitartean 30 gaztetxok eta 3 hezitzailek osatutako taldeak Oiartzun-Urruña mendi ibilaldia osatuko dute, tartean Lesakan, Beran eta Saran geldituz. Talde horretan gure eskualdeak presentzia nabarmena izanen du, Bortzirietako 14 gaztetxok parte hartuko baitute, baita bertako hezitzaile batek ere.
Mugaldeko Udalekuaren lehen edizioa da hau eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak parte hartu du antolaketan, Oiartzun, Sara eta Urruñako udalekin batera. Oiartzungo Ttur-ttur Euskaltzaleen Bilguneak kudeatu du udalekua. Udaleku hauen oinarrietan zehaztu bezala, jarduera honen helburu nagusia Iparraldeko eta Hegoaldeko gazten artean harremanak eraikitzea eta sendotzea da, mugak gaindituz eta euskara eta euskalkiak ezagutuz eta praktikatuz, baita Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzea ere natura, kulturan eta kirolean ardaztuta. Udalekuetan parte hartuko duten gaztetxoak udalerri antolatzaile horietakoak dira, 2009-2010 urteetan jaiotakoak.
Uztailaren 15ean, astelehenearekin, parte hartzaile guziak Oiartzunen elkartuko dira. Eguna elkar ezagutzeko jarduerak eginez emanen dute, eta bertan lo egin ondoren mendiz abiatuko dira Lesakaraino. Uztailaren 16tik 17ra bitartean Lesakan izanen dira, eta 17tik 18ra Beran. Ortzegun goizean abiatuko dira Beratik Sarara, eta ortziralean eginen dute azken ibilaldia, Saratik Urruñara. Bertan emanen dute azken gaua, eta larunbatean, uztailak 21, emanen diote amaiera astebeteko udalekuari. Mendiko ibilaldi horiez gainera, jarduera ugari izanen dituzte: bertsolaritza, musika sormena, rap tailerra, herri kirolak, gaubelak…