Aurtengoan bi ekitaldi izanen dira eskualdean. Lehena Beran izanen da, apirilaren 24an, 18:30ean, Berako liburutegian. Iratxe Retolazak hitzaldia eskainiko du, “Literatura, kontsumo kulturala ala sormenaren kultura?” izenburu pean.
Bigarren ekitaldia Arantzan izanen da, apirilaren 29an, 18:00etan. Kasu honetan Jon Artano idazlearekin solasaldia izanen da, iaz argitaratu zuen Juana lanaren inguruan.
Ekitaldi hauek Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatu ditu, Bera eta Arantzako irakurle taldeekin elkarlanean.
Egitasmo honen helburua euskara irakurtzeko ohitura eta zaletasuna zabaltzea da, bai eta herritarren euskarazko kultur kontsumoa eta euskal liburugintza indartzea ere. Bidenabar, Literatura-geraldien bidez, esperientzia literarioak konpartitu eta liburutegi publikoen erabilera bultzatu nahi da.
Bortzirietakoa baino eremu zabalagoa hartzen du ekimenak. Ziklo osoa antolatzen honako toki entitateetako euskara zerbitzuak aritu dira: Baztango Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea eta Sakanako Mankomunitatea. Ekimenak Nafarroako Gobernuaren laguntza jasotzen du.
