Errenta aitorpena (euskaraz!) egiteko garaia da

Apirilaren 8an abiatuko da Nafarroan errenta aitorpenaren kanpaina, eta ekainaren 26a izanen da aurkezteko azken eguna. Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, UEMAk eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, bertze hainbat erakunde publikorekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute martxan aurten ere. Izan ere, urtez urte errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua goiti doan arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urruti dago oraindik ere. Nafarroan UEMAko partaide diren herrietan ez da % 10era iristen errenta aitorpena euskaraz egiten duten herritarren kopurua.

Autolikidazio proposamena onartzerakoan, aitorpena internetez egitean edota ogasunaren bulegoetan bertaratuta, errenta egiteko modua edozein izanda ere, euskaraz nahi duzula hautatu edo dagokion langileari eskatzea baino ez dago. Gestoria baten bidez eginez gero, errenta aitorpena euskaraz egiteko eta ogasunekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea ere adierazten ahal da.