Udalekuak itxiak euskaraz: izen emateko garaia da!

Zabalik dira euskarazko udaleku itxietan izen emateko aukera gehienak, eta horien bilduma osatu du Nafarroako euskara teknikarien sareak. Udako oporrak haurrentzat atseden, jolas eta abenturarako sasoia dira. Eskolako errutinatik kanpo, aisialdiak garrantzi handia hartzen du, eta euskarazko udalekuak aukera paregabea dira denbora libre hori modu aberasgarrian bizitzeko. Udalekuetan, haurrek lagun berriak egiten dituzte, naturaz gozatzen dute eta jarduera ezberdinak egiten dituzte, dena euskaraz eta giro gozagarrian. Gerora urte osoan gogoan izaten dituzten abenturak, erronkak, gaubelak, txangoak, kirola, jolasak eta taldeko bizikidetza. Gurasoen babesetik harago, autonomia, konfiantza eta autoestimua garatzeko oso lagungarriak izan daitezke.

Hizkuntzaren ikuspegitik, udalekuek balio berezia dute. Haurrek euskaraz bizi dute egunerokoa: jolasean, otorduetan, atsedenaldietan eta jardueretan. Horrela, euskara bizipen positiboekin lotzen dute, eta horrek hizkuntzarekiko motibazioa eta erabilera indartzen ditu.

Azken urteotan euskarazko udalekuen eskaintza nabarmen ugaritu da: naturan murgiltzeko udalekuak, kirolarekin lotutakoak, ur ekintzetakoak, bertso udalekuak, mendiko edo itsasoko egonaldiak, ibiltariak… Aukera zabala dago haur bakoitzaren interesetara egokitzeko.

Gurasoen erabakia giltzarria da haurrek opor garaian egingo duten ibilbidea marrazteko. Hizkuntza ez da bakarrik eskolan ikasten; izan ere, sozializazioa, orotariko bizipenak eta esperientziak dira ikaskuntzaren oinarri.

https://eranafarroa.eus/udalekuak-euskaraz-gozatu-lagunekin-hizkuntzarekin/