Hirugarren urtez jarraian, UEMAk kanpaina abiatu du etorri berri euskaldunak ikusarazteko. Aurtengoan euskara ikasleak dira protagonista, eta horiekin erdaraz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea da helburua. Kanpainari eskualdean oihartzuna eman asmoz, maiatzaren 14an agerraldia egin dute Lesakan.
“Egin nirekin ere euskaraz!” kanpaina dela eta agerraldia egin dute Bortzirietako udal ordezkariek eta euskaltegiko irakasle zein ikasleek. Horretarako aukeratu duten tokia Matxinbeltzenea da, Bortzirietako Euskaltegiaren egoitza. Bertan izan dira Marianela Veintimilla, sorterria Ekuadorren duen Arantzako herritarra eta euskara ikaslea, aurtengo “Egin nirekin ere euskaraz!” kanpainako protagonistetako bat, Xanta Souza, sorterria Brasilen duen Lesakako herritarra eta euskara ikaslea, Monika Agirre, Bortzirietako Euskaltegiko irakaslea, Eneko Fernandez, Bortzirietako Mankomunitateko ordezkaria eta Patxi Castillo, Bortzirietako Mankomunitateko lehendakaria.
“Egin nirekin ere euskaraz!” kanpainak hirugarren urtea du, eta Euskal Herrira etorri diren eta euskara ikasi duten edota ikasten ari diren euskal herritarrei aitortza egin nahi die aurten, batetik edo bertzetik etorri arren guztiak bertakoak eta euskaldunak direla nabarmenduz. Lekunberri, Lezo, Gatika, Leitza, Hondarribia, Zumaia, Ikaztegieta, Segura, Arantza, Ondarroa, Basaburua eta Igorren bizi dira aurtengo kanpainan parte hartu duten euskaldunak.
Kanpainari buruzko informazio gehiago hemen.
Aniztasun egunean parte hartzeko deia
Agerraldi honen prestaketan Bortzirietako Hizkuntza eta Kultura Aniztasun Taldea aritu da. Laster batean aniztasun jardunaldiak eta egunak abiatuko dira Bortzirietan, eta horietan parte hartzeko deia zabaldu nahi izan dute bertaratuek.
