Udaleku arrakastatsuak aurtengoak ere

Uztailean hasiko dira udalekuak Bortzirietan: Arantza, Bera, Etxalar eta Igantzin, uztailaren 6an hasi eta 31ra arte arituko dira. Lesakan sanferminak pasatu ondotik hasiko dira, uztailaren 13an, eta abuztuaren 28ra arte arituko dira.

Arrakastatsua izan da aurten ere izen ematea. Guzira 228 neska-mutikok izen eman dute udalekuetan. Hona herriz herriko datuak: Arantzan 31 izen emate, Beran 90, Etxalarren 27, Igantzin 17 eta Lesakan 63. Halere, kontuan hartu behar da, udalekuetan asteka izen ematen ahal denez, kopuru hori aste batetik bertzera aldatuz joanen dela.

Udalekuak dinamizatzen guzira 25 begirale arituko dira. Aipatu bezala, haur kopuruak astez aste aldatzen direnez, begirale kopurua ere horren arabera aldatuz joanen da. Hezitzaileetako bi behar bereziak dituzten haurrekin arituko dira. Bertzalde, berrikuntza modura, aurten hezitzaile bat ekintza bereziak egiten arituko da herriz herri, eta horri esker udalekuetako ohiko programazioaz gainera, sukaldaritza, esperimentuak, mahai jolasen maratoia, ur jolasak… egiteko aukera izanen dute.

Ekainean eta uztail hasieran, hezitzaileek formakuntza izanen dute udalekuen inguruan, baita jarduera horretan genero berdintasuna eta euskararen erabilera sustatzearen inguruan ere.