Arantzatik abiatu da Mugaldeko Udalekuaren hirugarren edizioa

Uztailaren 13an hasi eta 19ra arte izanen da udalekua. Egunez egun Sara arteko ibilbidea osatuko dute parte hartuko duten gazteek, Arantzatik abiatu, Oiartzundik eta gero Urruñatik igarota, herriz herri jarduera ezberdinak eginez.

Aurtengo edizioan 2011-2012 urteetan jaiotako gaztetxoek izen ematen ahal dute. Arrakasta handia izan du jarduera honek berriz ere, eta 140tik goiti izen emate izan dira. Plaza kopuru mugatua izaki, bakarrik 40 gaztek parte hartuko dute, horietatik 10 bortziritarrak. Gazteekin batera lau hezitzaile ere izanen dira udalekuan, horietako bat eskualdekoa.

Jarduera honen xede nagusia muga administratiboak gainditzea da, eta helburu zehatzak honakoak dira:

  • Iparraldeko eta hegoaldeko gazteen arteko harremanak eraiki eta sendotzea.
  • Euskara eta euskalkiak ezagutu eta praktikatzea.
  • Parte hartzea bultzatzea.
  • Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzea natura, kultura eta kirola ardatz hartuaz.

Udalekuaren antolatzailea Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea da eta honako erakundeon babesa dauka: Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea, Oiartzungo Udala, Sarako Herriko Etxea, Urruñako Herriko Etxea. Euroeskualdeak diruz lagundutako jarduera da.