“Bortzirietako hizkeraren gidaliburua” herritarren eskura dago

Liburuxkak eskualdeko hizkeraren ezaugarri nagusienak biltzen ditu, eta solastatzerakoan nahiz idazterakoan, egoera formal nahiz informaletan, erabiltzeko gomendioak ematen ditu. Koaderno itxurako argitalpena da, irakurtzeko arina, adibidez hornitua eta kontsultak egiteko erraza. Nahi duen guziak ale bat eskuratu ahal izanen du, doan. Abuztuaren 31tik irailaren 30era bitarte eskuratu ahal izanen da, Arantzako Herriko Etxean, Berako liburutegian, Etxalarko Pello Apezetxea Kulturgunean, Igantziko Herriko Etxean eta Lesakako liburutegi. Bortzirietako hizkeraren gaineko ikastaroa egiteko aukera ere izanen da, irailaren 23an eta 30ean, aitzinetik izen emanda (https://labur.eus/ikastaroahizkera).

 

Nondik norakoak

Liburuxkak lau atal nagusi ditu. Lehenbizikoan Bortzirietako hizkera kokatzen da, euskalkien gaineko azalpen batzuk ematearekin batera. Bigarren atalean, hizkera horren ezaugarri nagusienak biltzen dira, soinuen ahoskeran, izen eta aditzen formetan, perpausetan eta hiztegian dituen berezitasunak azpimarratuz. Hirugarren atalean erabiltzeko gomendioak biltzen dira; alegia, bertako hizkera nola erabiltzen ahal den egoera formal eta informaletan, ahozkoan nahiz idatzian. Laugarren eta azken atalean, zalantzak non eta nola argitu azaltzen da.

Azalpen teorikoak ematen badira ere, hagitz modu arinean emanak dira eta betiere adibide aunitzez josita.

Gainera, liburuaren formatua eta diseinua ere aunitz zaindu dira. Koaderno itxura eman zaio, eta barrenean dituen erlaitzei esker, irakurleak ikusi nahi duen atalera jotzen ahal du zuzenean.

 Nahi duenarentzat eskuragarri

Interesa duten herritar guziek liburuaren ale bana eskuratu ahalko dute, abuztuaren 31tik irailaren 30era bitarte, herri bakoitzeko toki hauetan (astelehenetik ortziralera):

  • Arantzako Herriko Etxea: 11:00-14:00
  • Berako Liburutegia: irailaren 14 arte 9:30-14:30 / irailaren 15etik aitzinera 14:00-20:00
  • Etxalarko Pello Apezetxea Kulturgunea: 16:00-19:30
  • Igantziko Herriko Etxea: 9:00-14:00
  • Lesakako Liburutegia: irailaren 14 arte 9:30-14:30 / irailaren 15etik aitzinera 14:00-20:00

 Aukera horietan modurik ez dutenak Bortzirietako Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jartzen ahal dira alea eskuratzeko: euskara@bortziriak.eus / 948 634 125 / 680650650 (Wh)

 Ikastaroa irailaren 23an eta 30ean

Liburuaren edukietan oinarrituta, ikastaro labur bat antolatu dute Bortzirietako Euskaltegiak eta Bortzirietako Euskara Zerbitzuak elkarlanean. Lau ordukoa izanen da,  bi orduko bi saio eginez, irailaren 23an eta 30ean (asteazkenak), 17:00-19:00 bitartean.

Ikastaroan parte hartzeko beharrezkoa da aitzinetik izen ematea, irailaren 20a baino lehen, formulario hau betez: https://labur.eus/ikastaroahizkera

Matrikularen prezioa 30 eurokoa da, eta mankomunitateak % 100 dirulaguntzaren bidez bueltatuko dio interesatuari, eskaera eginez gero.

Ikastaroan izen ematen duten guziek liburuaren ale bat eskuratuko dute.