Bera eta Lesakako zaharren egoitzetako euskara ikastaroa abian da

Berako eta Lesakako 9 langilek A1 mailako ikastaroa abiatu zuten urriaren 7an. Guzira 120 orduko ikastaroa izanen da eta 11:00etatik 13:00etara izanen dituzte eskolak, astearteetan Beran eta ortzegunetan Lesakan, txandaka. Bortzirietako IKA euskaltegiak emanen du ikastaroa.

Hitzarmenak

Joan den ekainaren 17an Lesakako Andra Mari egoitzan elkartu ziren Baztan, Bera eta Lesakako udaletako alkate zein zaharren egoitzetako arduradunak, alde batetik, eta Euskarabideko arduradunak, bertzetik, zaharren egoitzetako euskara planak abian jartzeko hitzarmenak sinatzeko. Ekimena lantzen orain dela ia bi urte hasi ziren Bortzirietako eta Baztango euskara zerbitzuak eta euren egitekoa zaharren egoitzei aholkularitza ematea izanen da. Hitzarmenek segida izanen dute 2027an eta laster hasiko dira heldu den urterako planak eta aurrekontuak prestatzen.