Aurten Arantzan, Beran eta Lesakan sortu dira haur taldeak. Guzira 19 haur arituko dira ikasturte honetan, Eloisa eta Onintze hezitzaileen laguntzarekin. Dagoeneko hasi dira saioak Lesakan eta Arantzan; Berako taldea, berriz, azaro hasieran abiatuko da.
Bidetxoa egina duen ekimena
Jarduera honen helburua da euskaraz ikasteko zailtasunak dituzten ikasleei hizkuntzaren errefortzurako baliabideak eskaintzea. Bortzirietako Euskara Zerbitzuak 2020an abiatu zuen egitasmoa, ikastetxeen eskariari erantzunez, ikusten baitzuten gero eta haur gehiagok zailtasunak zituztela euskaraz ikasteko, eskolan murgiltze ereduan arituta ere. Kasurik gehienetan, atzerritik etorritako familien seme-alaben kasuak ziren, baita jatorriz bertakoak izanda ere, eskolatik kanpo euskararekin harreman guti zituzten haurren kasuak ere.
Oinarri horrekin prestatu zuen euskara zerbitzuak proiektua, aisialditik eta ikuspegi ludiko batetik euskaraz ikasteko zailtasunak dituzten haurrei hizkuntza indartzeko saioak eskaintzeko asmoz. Proiektua lantzeko, kudeatzeko eta garatzeko Taupa mugimenduarekin batera aritzen da euskara zerbitzua.
Eskaintza Bortzirietako herri guzietan egin bada ere, Beran eta Lesakan sortu izan dira haur taldeak orain arte. Aurten, lehen aldiz, taldetxoa sortu da Arantzan ere. Kasu horretan Ixabelen laguntzarekin eginen dira saioak.
Familientzako doako ekimena da Solasean, eta mankomunitateak bere gain hartzen badu ere, Nafarroako Gobernuak finantzatzen du. Proiektua Bortzirietan sortu bazen ere, gaur egun jarduera hau Nafarroako mendialdeko herri gehiagotan ere eskaintzen da, hala nola Baztanen, Donezteben, Leitzan, Goizuetan, Etxarri Aranatzen, Lekunberrin…
