Solasaldi musikatua Beran: “Lurdes Iriondo Altzateko plazan 1967an”

Ekitaldia azaroaren 27an izanen da, 18:30ean, Beralandetan. Hizlaria Kike Diez de Ultzurrun izanen da, eta kantuan Irati Odriozola eta Ainhoa Ansa arituko dira. Solasaldi musikatu hau “Uscaldunac garen ezquero” ekimenaren barrenean kokatzen da, 2020an hasitako bideari jarraipena emanez.

Ekitaldiaren oinarrian argazki bat dago. Altzateko plaza ageri da, eta erdian Lurdes Iriondo, gitarra eskuetan, solasean Mikel Laboarekin eta Xabier Leterekin. 1967 abuztuaren 27koa da argazkia, Beran Euskal Besta ospatu zenekoa. Besta hori orduko Nafarroako Diputazioko Principe de Viana Erakundearen Euskararen Aldeko Sailak antolatu zuen. Egitarau zabala antolatu zuten, hala nola, Iruñeko Udaleko dantzariak, bertsolariak, Leitzako abesbatza… Egun hori probestu zuten, gainera, herriko haurrei aitzinetik egindako euskara azterketaren sariak emateko ere. Zalantzarik gabe, orduan bertan eta gerora ere oihartzun handiena izan zuen ekitaldia Ez Dok Amairu taldearen emanaldia izan zen, Iriondo, Laboa eta Leteren eskutik.

 

 

“Uscaldunak garen ezquero” ekimenaren barne

Berako udal artxiboan gordetako 1882ko eskuizkribu baten aitzakian hasi ziren “Uscaldunac garen ezquero” deituriko ekimena antolatzen, eskuizkribuaren hasierako hiru hitzak izenburutzat hartuta.

Dokumentu zahar hori Mikel Tabernak aurkitu zuen eta garrantzi handikoa da, orain arte euskaraz harrapatutako testu administratibo bakanetakoa baita. Horren edukiak eta gainerako xehetasunak ikertzen ibili ziren Ekaitz Santazilia eta Mikel Taberna, eta lehen hitzaldia haiek eskaini zuten, 2020an.

Geroztik, “Uscaldunac garen ezquero” izenburuaren pean eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, urtero antolatzen dute gisa honetako kultur ekitaldiren bat Berako Udalak eta Bortzirietako Euskara Zerbitzuak.