Euskara ikasteko laguntzak

Mankomunitatearen estatutuetan  ezarria dagoen moduan, erakunde honen helburuetako bat da herritarrek euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, baita herritarrek euskara ikas dezaten beharrezkoak diren bitartekoak jartzea eta helburu horretan ari direnei laguntza ematea ere.
Helburu hori garatzeko, mankomunitateak 2023-2025 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartu du, eta euskara ikasteko laguntzen lerroa sortu du. Helburua da herritarrek euskara ikas dezaten beharrezkoak diren bitartekoak jartzea eta helburu horretan ari direnei laguntza ematea. Hiru onuradun mota daude lerro honetan:

EUSKARA IKASLEENTZAKO LAGUNTZA

Azken urteotan Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskara ikastea doakoa izan dadin urrats garrantzitsuak egin ditu. Urtero argitaratzen duen deialdian ezarritako baldintzak betez gero, euskara ikasleek matrikularen % 100eko dirulaguntza har dezakete.
Mankomunitateak 2024-04-10ean egindako bileran onartu zuen euskara ikasleentzako 2024-2025 ikasturterako laguntza, hau da, 2024ko uztailaren 1etik 2025eko ekainaren 30era arte egindako ikastaroetako matrikula gastuak diruz lagunduko dituena. Diruz lagunduko dira ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta online egindakoak.

Dirulaguntza hau hartu ahal izanen dute ondoko baldintza hauek betetzen dituztenek:

  • Gutxienez 16 urte izatea.
  • Bortzirietan erroldatua egotea.
  • Euskalduntze-alfabetatzeko zentro batean matrikulatuta egotea.
  • Diruz lagundutako ikastaroan asistentzia maila deialdi honen 4. oinarrian azaldutako portzentajeen araberakoa izatea. Justifikaturiko falta gisa onartuko dira gaixotasunengatik, mediku kontsulten edo arauturiko azterketetara joatearen ondorioz eta lan arrazoiengatik behar bezala aurkeztutakoak. Ikasturte osoan gehienez ere 14 falta justifikatu ahal izanen dira.
  • Ikastaroaren aprobetxamendu egokia egiaztatzea.
  • Eskatzen den dokumentazioa ezarritako epean aurkeztea.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira administrazio publikoren bateko langileak izanik, euskalduntze plan bereziren batean sartuak daudenak.

Dirulaguntza mota bakarra egonen da, eta ikastaroan izandako asistentzia mailaren arabera, gehienez ere ikastaroko matrikula gastu osoaren adinakoa izanen da.

Dirulaguntza emateko ikasleak euskara eskoletan izan duen asistentzia modu honetan hartuko da aintzat:

  • Dirulaguntza matrikularen kostu osoaren adinakoa izanen da ikastaroan izandako asistentzia %85etik gorakoa denean.
  • Dirulaguntza matrikularen kostuaren %75 izanen da ikastaroan izandako asistentzia %50-%85 bitartekoa denean.
  • Ez da dirulaguntzarik jasoko ikastaroan izandako asistentzia %50etik beherakoa denean.

Deialdi honen epealdian egiten den ikastaro bakoitzeko eskatu ahal izanen da dirulaguntza; ikasle batek urtean ikastaro bat baino gehiago egiten badu, ikastaro bakoitzagatik eskatu ahal izanen du dirulaguntza.

Dirulaguntza osorik hartuko da ikastaroa(k) bukatu eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik. Edozein kasutan, ikasturtean (urriaren 1etik ekainaren 30era bitartean) egiten diren ikastaroen kasuan eta eskatzaileak espresuki hala eskatuz gero, dirulaguntzaren % 75 kobratu ahalko da hasierako dokumentazioa aurkeztu ondotik, eta gainerako % 25a bukaerakoa aurkeztu ondotik (ikus 5. puntua).

Dirulaguntza hau gehienez ere 700 eurokoa izanen da, eta bekaren zenbatekoa ezinen da inoiz izan ikastaroaren edo jardueraren kostua baino handiagoa. Edozein kasutan dirulaguntzak banatzerakoan kontuan hartuko dira mankomunitatearen 2024ko eta 2025eko aurrekontuetan aurreikusitako diru kopuruak.

Eskaera eta dokumentazioa Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira (https://egoitzaelektronikoa.bortziriak.eus/carpetaciudadana/tramite.aspx?idtramite=6151). Helbide honetara eramanda edo posta zertifikatuz ere aurkeztu ahalko dira, helbide honetan: Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Herriko Plaza 7, 2. 31790 Arantza. Edo urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako edozein lekutan.
Deialdiaren informazioa eta eskaera orriak nahiz eranskinak eskuragarri egonen dira mankomunitatearen webgunean eta egoitza elektronikoan.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa honakoa da:

a) Eskaera orria behar bezala beteta (I. Eranskina_Eskaera orria pdf-n).

b) Nortasun agiriaren fotokopia.

c) Euskaltegiko izen-emate orria eta matrikularen ordainagiria.

d) Euskaltegiaren agiria, asistentzia eta aprobetxamenduari buruzko datuak ematen dituena.

Dokumentazioa aurkezteko bi epealdi hauek izanen dira:

  • 2024ko irailaren 1etik urriaren 11ko 23:59ra arteko epea, kasu hauetan dauden eskaerak:
    • Uda ikastaroengatik (uztailaren 1etik irailaren 30era bitarte) egiten diren eskaerak. Kasu honetan aurreko atalean aipatzen den dokumentazio guzia aurkeztu behar dute, eta ebatzi ondotik dirulaguntzaren % 100 jasoko dute.
    • Ikasturtean (urriaren 1etik ekainaren 30era bitarte) egin beharreko ikastaroetarako eskaerak, eskatzaileak dirulaguntza aitzinatzea nahi duenean, eskaeran espresuki hala adierazita. Kasu honetan aitzineko atalean aipatzen den dokumentaziotik a., b. eta c. dokumentuak aurkeztu behar dituzte, eta ebatzi ondotik dirulaguntzaren % 75 jasoko dute.
  • 2025eko ekainaren 1etik 30eko 23:59 arte, kasu hauetan dauden eskaerak:
    • Ikasturtean egin beharreko ikastaroengatik dirulaguntza aitzinatzea eskatu ez duten eskaerak. Kasu honetan aitzineko atalean aipatzen den dokumentazio guzia aurkeztu behar dute, eta ebatzi ondotik dirulaguntzaren % 100 jasoko dute.
    • Ikasturtean (urriaren 1etik ekainaren 30era bitarte) egin beharreko ikastaroetarako eskaerak, eskatzaileak urriko epealdian dirulaguntza aitzinatzea eskatu duen kasuetan d. ataleko dokumentuak aurkeztu behar dituzte, eta ebatzi ondotik dirulaguntzaren % 25a jasoko du.

Eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioan okerrik dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, hamar egun balioduneko epea izanen du jakinarazpena jasotzen duenetik akatsak zuzentzeko edo agiriak osatzeko. Epe hori igaro eta akatsa zuzendu edo agiriak osatu ez baditu, eskatzaileak eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

Ikasleak baja ematen badu ikastaroa hasi aitzin edo behin hasita, mankomunitateari jakinarazi beharko dio, edo ikastegiak ziurtagiria prestatu eta bidali ahal izanen dio mankomunitateari, ikasleak baja eman duela adieraziz. Hori gertatuz gero, ordurako mankomunitateak laguntza ordaindu baldin badio, ikasleak dirua bueltatzeko prozedura paratuko da martxan, 9. atalean zehaztutakoaren arabera.

Deialdi honetako dirulaguntzak esleitzeko erabakia Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak hartuko du ebazpen bidez, euskara teknikariaren txostena ikusi ondotik. Erabaki hori interesatu guztiei jakinaraziko zaie.

Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8. artikulua betez, emandako laguntzak argitaratu egin beharko dira mankomunitatearen webgunean eta egoitza elektronikoan, zenbatekoa, helburua edo xedea eta onuradunak adierazita.

Dirulaguntzak modu honetan ordainduko dira:

  • Uda ikastaroengatik (uztailaren 1etik irailaren 30era bitartekoak) egindako eskaeren kasuan, dokumentazioa aurkeztu (urriaren 11a baino lehen) eta mankomunitateak hori aztertu eta ebatzi ondotik ordainduko du dirulaguntzaren % 100.
  • Ikasturtean (urriaren 1etik ekainaren 30era bitartean) egin beharreko ikastaroetarako eskaeren kasuan, bi aukera daude, eskatzaileak eskaeran hautatutakoaren arabera:
    • Eskatzaileak dirulaguntza aitzinatzea hautatu badu, dirulaguntzaren % 75 jasoko du urriaren 11a baino lehen aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztu eta mankomunitateak aztertu eta ebatzi ondotik. Gainerako % 25a jasoko du ikasturtea bukatu eta ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztu, aztertu eta ebatzi ondotik.
    • Eskatzaileak eskaera egiteko momentuan ez badu espresuki adierazi dirulaguntzaren zati bat aitzinatzea nahi duela, ikasturtea bukatu, dokumentazio guzia aurkeztu eta mankomunitateak aztertu eta ebatzi ondotik jasoko du dagokion dirulaguntza.

Dirulaguntza zati bat edo osoa itzuli beharko da ondotik azaltzen direnak gertatzen direnean:

a) Dirulaguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.
b) Eskatzen diren agiriak ez aurkeztea horretarako ezarritako epean.
c) Objektu bera duten eta bateraezinak diren dirulaguntzak aldi berean jasotzea.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira bertze erakunde publiko zein pribatuk helburu berberaz emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada.

Datu Pertsonalak Babesteko Arautegia beterik, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea da datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

Eskatzaileen datu pertsonalak Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen fitxategietan jasoko dira eskatutako zerbitzuak kudeatzeko eta mankomunitatearen berezko eginkizun legalak burutzeko. Interesdunak kontrakorik adierazten ez badu, mankomunitateak datuak epe zehatzik gabe gorde ahalko ditu.

Datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, ez bada zerbitzua gauzatzeko beharrezkoa delako edo/eta legediak horrela agintzen duelako.

Eskatzaileak, eskaera izenpetzen duen unetik onespena eta baimen zehatza ematen du, adierazitako helburuen baitan, bere datuak tratatzeko eta komunikatzeko. Bere esku dago sarbide, zuzenketa, ezeztapen eta aurkaritza eskubideak erabiltzea. Era berean, emandako baimena edonoiz ezeztatzen ahal du, baita gai honi buruzko bertze eskariren bat egin ere. Horretarako Bortzirietako Euskara Mankomunitatera jo beharko du, helbide honetara: Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Herriko Plaza 7, 2. 31790 Arantza (Nafarroa) edo posta elektroniko honen bitartez: euskara@bortziriak.eus. Eskatzaileak, eskariari emandako erabakiarekin ados ez badago edo erreklamazio bat jarri nahi badu, kontrol aginte eskudunera jotzen ahal du, kasu honetan, Datuak Babesteko Bulegoa (www.agpd.es).

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.

Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.