Euskara ikasteko laguntzak
Bortzirietako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren helburuetako bat da gizarte bizitzaren alor guztietan euskararen ezagutza eta erabilera garatzea, eta helburu hori duten ekimenak laguntzea, bultzatzea eta sustatzea, baita herritarrek euskara ikas dezaten beharrezkoak diren bitartekoak jartzea eta helburu horretan ari direnei laguntza ematea ere.
Ildo horrekin lotuta, bi dirulaguntza mota ematen ditu mankomunitateak: Bortzirietako Euskaltegiarekin dirulaguntza hitzarmena sinatzen du, eta euskara ikasten ari diren norbanakoei matrikula gastuen % 100 diruz laguntzen die.
EUSKARA IKASLEENTZAKO LAGUNTZA
Azken urteotan Bortzirietako Euskara Mankomunitateak euskara ikastea doakoa izan dadin urrats garrantzitsuak egin ditu. Urtero argitaratzen duen deialdian ezarritako baldintzak betez gero, euskara ikasleek matrikularen % 100eko dirulaguntza har dezakete.
Mankomunitateak 2026-06-12an egindako bileran onartu zuen euskara ikasleentzako 2026-2027 ikasturterako laguntza, hau da, 2026ko uztailaren 1etik 2027ko ekainaren 30era arte egindako ikastaroetako matrikula gastuak diruz lagunduko dituena. Diruz lagunduko dira ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta online egindakoak.

Dirulaguntza hau hartu ahal izanen dute ondoko baldintza hauek betetzen dituztenek:
- Gutxienez 16 urte izatea.
- Bortzirietan erroldatua egotea, salbuespen hauekin:
- Bortzirietan lan egin eta zerbitzua ematen duten langileak, eta Bortzirietan jarduten duten elkarteetako hezitzaile zein entrenatzaileak, ez badaude Bortzirietan erroldatuta, dirulaguntza eskatzeko aukera izanen dute. Horretarako, dagokien enpresa, zerbitzu edo elkartearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
- Bortzirietako udal, mankomunitate eta horien erakunde autonomoetako langileek, eta, oro har, udal zerbitzu bat ematen ari direnek dirulaguntza eskatu ahal izanen dute, nahiz eta Bortzirietan erroldatuta ez egon. Horretarako, mankomunitateak ofizioz eginen du egiaztapena dagokion entitate edo zerbitzuari ziurtagiria galdetuta.
- A1 eta A2 mailako ikasleek Euskarabidearen euskara ikasteko dirulaguntza eskatu beharko dute, eta deialdi honek izatera osagarria izanen du: Euskarabidetik jasotzen duten zenbatekoa ez bada ailegatzen % 100era, betiere bertaratze eta aprobetxamendu egokia egiaztatuta, deialdi honetatik osatuko da dirulaguntza.
- Euskalduntze-alfabetatzeko zentro batean matrikulatuta egotea.
- Diruz lagundutako ikastaroan asistentzia maila deialdi honen 4. oinarrian azaldutako portzentajeen araberakoa izatea. Justifikaturiko falta gisa onartuko dira gaixotasunengatik, mediku kontsulten edo arauturiko azterketetara joatearen ondorioz eta lan arrazoiengatik behar bezala egiaztatutakoak. Ikasturte osoan gehienez ere 14 falta justifikatu ahal izanen dira.
- Mankomunitatearekiko zerga betebeharrak eta gizarte segurantzari dagozkionak egunean izatea. Egiaztapenak ofizioz eginen ditu mankomunitateak.
- Ikastaroaren aprobetxamendu egokia egiaztatzea.
- Eskatzen den dokumentazioa ezarritako epean aurkeztea.
Deialdi honetatik kanpo geratuko dira Bortzirietatik kanpoko administrazio publikoren bateko langileak izanik, euskalduntze plan bereziren batean sartuak daudenak.
Dirulaguntza mota bakarra egonen da, eta ikastaroan izandako asistentzia mailaren arabera, gehienez ere ikastaroko matrikula gastu osoaren adinakoa izanen da.
Dirulaguntza emateko ikasleak euskara eskoletan izan duen asistentzia modu honetan hartuko da aintzat:
- Dirulaguntza matrikularen kostu osoaren adinakoa izanen da ikastaroan izandako asistentzia %80tik goitikoa denean.
- Dirulaguntza matrikularen kostuaren %75 izanen da ikastaroan izandako asistentzia %50-%80 bitartekoa denean.
- Ez da dirulaguntzarik jasoko ikastaroan izandako asistentzia %50etik beheitikoa denean.
Deialdi honen epealdian egiten den ikastaro bakoitzeko eskatu ahal izanen da dirulaguntza; ikasle batek urtean ikastaro bat baino gehiago egiten badu, ikastaro bakoitzagatik eskatu ahal izanen du dirulaguntza.
Dirulaguntza osorik hartuko da ikastaroa(k) bukatu eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik. Edozein kasutan, ikasturtean (urriaren 1etik ekainaren 30era bitartean) egiten diren ikastaroen kasuan eta eskatzaileak espresuki hala eskatuz gero, dirulaguntzaren % 75 kobratu ahalko da hasierako dokumentazioa aurkeztu ondotik, eta gainerako % 25a bukaerakoa aurkeztu ondotik (ikus 5. puntua).
Ikastaro bakoitzagatik jaso ahal izanen den dirulaguntza gehienez ere 700 eurokoa izanen da, eta bekaren zenbatekoa ezinen da inoiz izan ikastaroaren edo jardueraren kostua baino handiagoa. Edozein kasutan dirulaguntzak banatzerakoan kontuan hartuko dira mankomunitatearen 2026ko eta 2027ko aurrekontuetan aurreikusitako diru kopuruak.
Eskaera eta dokumentazioa Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira:
Helbide honetara eramanda edo posta zertifikatuz ere aurkeztu ahalko dira: Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea, Andutzeta 15, 3. 31760 Etxalar. Edo urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako edozein lekutan.
Deialdiaren informazioa eta eskaera orriak nahiz eranskinak eskuragarri egonen dira mankomunitatearen webgunean eta egoitza elektronikoan.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa honakoa da:
- Eskaera orria behar bezala beteta (I. Eranskina).
- Nortasun agiriaren fotokopia.
- Euskaltegiko izen-emate orria eta matrikularen ordainagiria.
- Euskaltegiaren agiria, asistentzia eta aprobetxamenduari buruzko datuak ematen dituena. Bortzirietako Euskaltegiko ikasleek ez dute agiririk aurkeztu beharko; asistentzia eta aprobetxamendua zuzenean egiaztatuko ditu euskara zerbitzuak. Gainerako kasuetan, interesatuek aurkeztu beharko dute aprobetxamenduari buruz euskaltegiak egindako agiria.
Dokumentazioa aurkezteko bi epealdi hauek izanen dira:
- 2026ko irailaren 1etik urriaren 9ko 23:59 arte, kasu hauetan dauden eskaerak:
- Uda ikastaroengatik (uztailaren 1etik irailaren 30era bitarte) egiten diren eskaerak. Kasu honetan, aitzineko atalean aipatzen den dokumentazio guzia aurkeztu behar dute, eta ebatzi ondotik dirulaguntzaren % 100 jasoko dute.
- Ikasturtean (urriaren 1etik ekainaren 30era bitarte) egin beharreko A1 eta A2 ikastaroak: Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Euskarabidera aurkeztu beharko dira. Euskara zerbitzuak online izapidea egiteko laguntza eskainiko die Bortzirietako eskatzaileei, hala behar badute.
- Ikasturtean (urriaren 1etik ekainaren 30era bitarte) egin beharreko B1, B2, C1 eta C2 ikastaroak, eskatzaileak dirulaguntza aitzinatzea nahi duenean (espresuki hala adierazi beharko du): Aitzineko atalean aipatzen den dokumentaziotik a., b. eta c. dokumentuak aurkeztu behar ditu, eta ebatzi ondotik dirulaguntzaren % 75 jasoko du.
- 2027ko ekainaren 1etik ekainaren 30eko 23:59 arte, kasu hauetan dauden eskaerak:
- Ikasturtean (urriaren 1etik ekainaren 30era bitarte) egin beharreko A1 eta A2 ikastaroak: Euskarabidearen dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada ailegatzen deialdi honetan aurreikusten diren kopuruetara (4. oinarrian zehazten dira), Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateak osatuko du zati hori. Egiaztapena ofizioz eginen du euskara zerbitzuak.
- Ikasturtean (urriaren 1etik ekainaren 30era bitarte) B1, B2, C1 eta C2 mailako ikastaroak egin eta dirulaguntza aitzinatzea eskatu ez duten ikasleak: kasu honetan, goian aipatzen den dokumentazio guzia aurkeztu behar dute, eta ebatzi ondotik dirulaguntzaren % 100 jasoko dute.
- Ikasturtean (urriaren 1etik ekainaren 30era bitarte) B1, B2, C1 eta C2 mailako ikastaroak egin eta dirulaguntza aitzinatzea eskatu duten ikasleak: Bortzirietako Euskaltegiko ikasleen kasuan, asistentziari eta aprobetxamenduari buruzko egiaztapena zuzenean eginen du euskara zerbitzuak eta ikasleek ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Bortzirietatik kanpoko ikastegietan ikastaroa egin duten ikasleek d. ataletako dokumentua aurkeztu behar dute. Baldintzak betetzen dituzten ikasleek dirulaguntzaren % 25a jasoko dute, ikastaroaren gastuaren % 100 estaltzeko.
Aurkeztutako dokumentazioan okerrik dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, eskatzaileak hamar egun balioduneko epea izanen du jakinarazpena jasotzen duenetik akatsak zuzentzeko edo agiriak osatzeko. Epe hori pasatu eta akatsa zuzendu edo agiriak osatu ez baditu, eskatzaileak eskaeran gibelera egin duela ulertuko da.
Ikasleak baja ematen badu ikastaroa hasi aitzin edo behin hasita, mankomunitateari jakinarazi beharko dio, edo ikastegiak ziurtagiria prestatu eta bidali ahal izanen dio mankomunitateari, ikasleak baja eman duela adieraziz. Hori gertatuz gero, ordurako mankomunitateak laguntza ordaindu baldin badio, ikasleak dirua bueltatzeko prozedura paratuko da martxan, 9. atalean zehaztutakoaren arabera.
Deialdi honetako dirulaguntzak esleitzeko erabakia Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariak hartuko du ebazpen bidez, euskara teknikariaren txostena ikusi ondotik. Erabaki hori interesatu guztiei jakinaraziko zaie.
Abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8. artikulua betez, emandako laguntzak argitaratu egin beharko dira mankomunitatearen webgunean eta egoitza elektronikoan, zenbatekoa, helburua edo xedea eta onuradunak adierazita.
Dirulaguntzak modu honetan ordainduko dira:
- Uda ikastaroengatik (uztailaren 1etik irailaren 30era bitartekoak) egindako eskaeren kasuan, dokumentazioa aurkeztu (urriaren 9a baino lehen) eta mankomunitateak hori aztertu eta ebatzi ondotik ordainduko du dirulaguntzaren % 100.
- Ikasturtean (urriaren 1etik ekainaren 30era bitartean) egin beharreko ikastaroetarako eskaeren kasuan, aukera hauek daude, eskatzaileak eskaeran hautatutakoaren arabera:
- A1 eta A2 ikastaroetako ikasleak: Eskatzaileek ikasturtea akabatu eta ekainaren 30a baino lehen dirulaguntza osatzeko eskaera aurkeztuta. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada deialdi honek zehazten duenera ailegatzen (4. oinarrian zehazten dira zenbatekoak), behin asistentzia eta aprobetxamendu datuak aztertu ondoren, hala badagokio, ordainketa eginen zaio ikasleari.
- B1, B2, C1 eta C2 ikastaroetako ikasleak, eskatzaileak dirulaguntza aitzinatzea galdetu duenean: Dirulaguntzaren % 75 jasoko du urriaren 9a baino lehen aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztu eta mankomunitateak aztertu eta ebatzi ondotik. Gainerako % 25a jasoko du ikasturtea bukatu eta ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztu, aztertu eta ebatzi ondotik.
- B1, B2, C1 eta C2 ikastaroetako ikasleak, eskatzaileak ez duenean galdetu dirulaguntzaren zati bat aitzinatzea: Ikasturtea bukatu, dokumentazio guzia aurkeztu eta mankomunitateak aztertu eta ebatzi ondotik jasoko du dagokion dirulaguntza.
Dirulaguntza zati bat edo osoa itzuli beharko da ondotik azaltzen direnak gertatzen direnean:
- a) Dirulaguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.
- b) Eskatzen diren agiriak ez aurkeztea horretarako ezarritako epean.
- c) Objektu bera duten eta bateraezinak diren dirulaguntzak aldi berean jasotzea.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira bertze erakunde publiko zein pribatuk helburu berberaz emandakoekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada.
Datu Pertsonalak Babesteko Arautegia beterik, Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea da datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Eskatzaileen datu pertsonalak Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatearen fitxategietan jasoko dira eskatutako zerbitzuak kudeatzeko eta mankomunitatearen berezko eginkizun legalak burutzeko. Interesdunak kontrakorik adierazten ez badu, mankomunitateak datuak epe zehatzik gabe gorde ahalko ditu.
Datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, ez bada zerbitzua gauzatzeko beharrezkoa delako edo/eta legediak horrela agintzen duelako.
Eskatzaileak, eskaera izenpetzen duen unetik onespena eta baimen zehatza ematen du, adierazitako helburuen baitan, bere datuak tratatzeko eta komunikatzeko. Bere esku dago sarbide, zuzenketa, ezeztapen eta aurkaritza eskubideak erabiltzea. Era berean, emandako baimena edonoiz ezeztatzen ahal du, baita gai honi buruzko bertze eskariren bat egin ere. Horretarako Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatera jo beharko du, helbide honetara: Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea, Andutzeta 15, 3. 31760 Etxalar (Nafarroa) edo posta elektroniko honen bitartez: euskara@bortziriak.eus. Eskatzaileak, eskariari emandako erabakiarekin ados ez badago edo erreklamazio bat jarri nahi badu, kontrol aginte eskudunera jotzen ahal du, kasu honetan, Datuak Babesteko Bulegoa (www.agpd.es).
Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.
Deialdi honen aurka, baita oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka ere, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:
- a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
- b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.
- c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.
